Bilera erronda alderdi politikoekin, enplegu publikoaren kontsolidazioa lortzeko kanpainaren baitan

2021/06/03
Bilera erronda alderdi politikoekin, enplegu publikoaren kontsolidazioa lortzeko kanpainaren baitan
Bilera hauek apirilaren 22an sektore publikoan greba orokorra deitu zuten sindikatuek eskatu dituzte: ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK-k. Ekainaren 3an EAJ, EH BILDU eta Elkarrekin-Podemos alderdien txanda izan da. Ekainaren 4an PSE-EE eta PP-Ciudadanosen txanda izango da. Bilera hauetan sektore publikoaren egoera larriaren berri emango da, eta euren erantzukizuna hartzeko eskatuko zaie alderdiei.

Batzarretan, sindikatuetako ordezkariok azaldu dute zergatik bultzatu dituzten EAEko sektore publikoan mobilizazio eta greba-egunak, eta sektore publikoak bizi duen egoera larriaren berri eman diegu: sektore publikoan 120.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta, eta kontratatutako langileen %40k behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen du. Hori gure erakundeek sektore publikoa pribatizatzeko egindako apustuaren ondorio garbia dela adierazi diegu.

Beharrezkoa da erakundeek eta alderdi politikoek behingoz irtenbide bat bilatzea, beren esku baitago konponbidea, eta hori lortzeko, behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiago kontsolidatu behar dira, eta behingoz zerbitzu publikoen alde egin, enplegu publikoa sortuz eta pribatizazioari bidea moztuz.

Helburu hori lortzeko eta mobilizazioen dinamikaren barruan, ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek manifestazioak deitu dituzte ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan. Manifestazioak 11: 30ean izango dira; Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; Bilbon, Arriagatik. Sindikatu deitzaileek langile publiko guztiak eta herritarrak animatzen dituzte bertan parte hartu dezaten; guztion artean lortuko dugu helburua.