La Anunciata ikastetxea (Donostia)

Laugarren greba eguna dute itxieraren eta kaleratze kolektiboaren aurka

Laugarren greba eguna dute itxieraren eta kaleratze kolektiboaren aurka
Aste honetarako hiru greba egun daude deituta: martxoak 3, 4 eta 5. Aurreko astean beste hiru izan ziren. ELAk eta langileek salatu dute Hezkuntza Sailak eta Kristau Eskolak ez dutela inplikatu nahi eskola ixteko eta langile guztiak kaleratzeko erabakia geldiarazteko.

Laugarren greba egunean, Donostiako La Anunciata ikastetxeko langileek elkarretaratzea egin dute ikastetxearen atarian, Hezkuntza Sailaren eta Kristau Eskolaren inplikazio falta salatzeko, ikastetxeak ikasturtearen amaieran ikastetxea itxi eta langile guztiak kaleratzeko erabakia hartu baitu. ELAk bilera eskatu dio Hezkuntzari, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Kristau Eskolak, berriz, ikasleak bere sarean matrikulatzen jarraitzeko baino ez du jardun. Hori dela eta, bihar, martxoak 4, aste honetarako deitutako grebaren bigarren eguna, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean eta ostegunean, asteko hirugarren eta azken egunean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Andia kalean.

Guztira, Donostiako La Anunciata ikastetxeko langileek beste hiru greba egun egingo dituzte aste honetan, martxoaren 3an, 4an eta 5ean. Aurreko astean egindako hiru egunei gehituko zaizkie. Lehenengo hiru egunetan, ELAk oso positibotzat jo du jarraipena; izan ere, ezarritako gutxieneko zerbitzuetatik harago, grebarako eskubidea duten langile guztiek bat egin dute.

Francisco Coll Hezkuntza Fundazioak ikastegia itxi eta ikasturte amaieran langileak kaleratzeko asmoarekin jarraitzen du. Horretarako, kaleratze kolektiborako prozesuari ekin dio, eta datozen egunetan lehen bilerak egingo dira sindikatuekin. Langile guztiak eta ELA itxieraren aurka daude, eta erabaki hori alde bakarrekoa eta justifikaziorik gabekoa dela diote.


Ikastetxea ixteko asmoa iragarri zenetik, Sailak eta Kristau Eskolak ez dute inolako borondaterik agertu lanpostuak mantentzeko edo plantillaren interesak defendatzeko, sindikatuak deitoratu duenez. "Batak zein besteak gaia beren erantzukizunetik kanpo utzi nahi dute, nahiz eta Krista Eskolaren sareko itunpeko ikastetxe bati buruz ari garen", salatu du ELAk.