Lan neketsuak: lehenago erretiratzeko promesa faltsua

2026/05/19
Lan neketsuak: lehenago erretiratzeko promesa faltsua
Aitor Murgia, Azterketa Bulegoko arduraduna
Duela urtebete sartu zen indarrean 402/2025 errege-dekretua; honek arautzen du nola aplikatu behar diren koefiziente murriztaileak lanbide neketsu edo arriskutsuetan. Laburbilduz, dekretuak dio behargin batek kalte egiten duen, lesioak eragiten dituen, zauritzen duen edo hilgarria izan daitekeen lan batean badihardu lehenago erretiratzeko aukera izango duela. Araua Elkarrizketa Sozialaren esparruan erabaki zen; hor biltzen dira UGT, CCOO, patronala eta espainiar Gobernua; hain zuzen, esparru horretan azken urteetan eskubide sozial eta laboral ugari murriztu dituzte, baita pentsioen eta erretiroaren arloan ere.

Oso deigarria da niretzat goian aipatu gabeko beste sindikaturen batek ere aldarrikatu izana lan horietan koefiziente murriztaileak aplika daitezela, noiz eta apirilaren 28an, lan-osasun eta -segurtasunaren nazioarteko egunean. Deigarria, ez neurriaren xedea delako erretiro adina lanbide batzuetan aurreratzea eta besteetan ez, baizik eta 402/2025 ED egin dutelako izatez ia inor aldez aurretik erretira ez dadin.

Batetik, oso lausoa delako. Dekretuak ez du zehatz esaten zein lanbidetan izango den erretiro aurreratua hartzeko aukera. Soilik esaten du eragingo diela “bereziki nekagarriak, toxikoak, arriskutsuak edo osasungaitzak diren eta gaixotze- edo heriotza-tasa handiak eragiten dituzten lanei edo jarduera profesionalei". Gainera, aukera hori izateko lanbide horretan gutxienez 15 urtez lan egin behar da, eta horietako bi urte erretiroa hartu aurreko azken hamabostetan izan behar dira. Zehaztasun ezak izatez kolektibo asko baztertzen du eta arauaren aplikazioaz ziurgabetasun handia eragiten du.

Salbuespenezkoa delako. Soilik aplikatuko da lan-baldintzak aldatzea ezinezko den kasuetan. Eredu honen logika gaiztoa da: Lehenik, urte askotan normaltzat jotzen da lanak eragindako kalte fisiko eta psikikoa. Gero, kalte hori egiaztatzeko oztopo administratibo eta politikoak gaindituz gero, erretiro aurreratu batekin konpentsatzeko aukera aipatzen da. Hau da, kaltea kudeatzen da, baina ez zaio heltzen kaltea sortu duen lanaren antolakuntzari.

Prozedura burokratikoa aurreikusten duelako. Dekretuak ezartzen duena gardentasunik gabeko oztopo-lasterketa bat da. Eskaria ordezkaritza gehieneko patronal eta sindikatuek batera egin behar dute —administrazioak eta sindikatuek, enplegu publikoari dagokionez—; beraz, prozesua patronalak borondatea agertzen badu aterako da aurrera, izatekotan. Gero hainbat txosten eskatzen dira, baina hauek ez dira lotesleak. Eredu honek arazo kolektibo bati ez dio erantzun kolektiborik ematen; erretiro aurreratua hartzeko bidea prozesu geldo, burokratiko, diskrezional eta zaila bihurtzen du langile gehienentzat.

Bestalde, ezin dugu ahaztu arauaren helburua gehienbat gizonek diharduten lanbideak direla (eraikuntza, garraioa...), eta sektore feminizatuak bigarren planoan geratzen direla. Honek ondorio zuzena du: Emakumeek jarraituko dute beranduago erretiratzen, eta genero-arrakala iraunaraziko dute horrela. Pentsa dezagun zahar-etxeetako langileen egoera zein den, urtetan gainkarga muskuloeskeletikoak eta lesio kronikoak pairatzen dituztelarik. Haatik, errealitate hori egiaztatuz gero ere, koefiziente murriztaileak aplikatzeko beharrezkoa litzateke eskari bateratua, txosten tekniko konplexuak eta azken erabaki ekonomiko bat; balizko eskubidea oso urrun geratuko litzateke, gauzatzeko aukera handirik gabe.

ELAk ez du ukatzen langileek badutela eskubidea erretiro aurreratuaren alde borrokatzeko, kalte egiten duen, lesioak eragiten dituen, zauritzen duen edo hilgarria izan daitekeen lan batean jardunez gero. Bestalde, ezin dugu onartu segurtasun baldintza horiek dituzten lanbiderik egotea. Baina sakoneko arazoa ez da koefiziente murriztaileen aplikazioa, baizik eta gero eta beranduago eta okerrago jubilatzen garela.

Hain zuzen UGT eta CCOO, orain langile batzuentzat erretiro adina aurreratzeko ahaleginetan dabiltzanak, izan dira sasi-Elkarrizketa Sozialeko mahaian erretiro adina 65 urtetik 67 urteraino atzeratzeko aukera eman dutenak. Alegia, gauza bat esan eta kontrakoa egiten dute.

Lanbide jakin bati koefiziente murriztaileak aplikatzeko erabakia politikoa izango da, ez teknikoa edo juridikoa. Hala ere, ezin dugu ontzat eman funtsezko gai bat, erretiroa, zuzenketa partzialen bidez kudeatzea. Benetako erreforma egitekotan 65 urterekin erretiratzeko aukera berrezarri behar da, erretiro aurreratua zigortzen duten mekanismoak kendu, lan feminizatuen inpaktu berezia aintzat hartu eta lanbide neketsuentzako prozedura arin eta publikoak bermatu. Hots, osoko zuzenketa bat behar da.