URRIAK 15, LANUZTE OROKORRA!

“Jada ez dago Israelekiko harreman guztiak ez eteteko aitzakiarik”

2025/10/28
“Jada ez dago Israelekiko harreman guztiak ez eteteko aitzakiarik”
Milaka pertsonak egin zuten bat, palestinar herriak pairatzen duen genozidioa salatzeko eta gobernuei zein enpresei Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko eskatzeko urriaren 15ean lanuzte orokorrerako deialdiarekin. Lanuztea oso garrantzisua izan zen, eta Hego Euskal Herrian zehar egindako mobilizazioak jendetsuak izan ziren.

ELAren iritziz urriaren 15ean deitutako lanuzte orokorrak jarraipen handia izan zuen, eta enpresei eta gobernuei (Gasteizkoa, Iruñekoa eta Madrilgoa) Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko exijentziak nabarmen egin du gora. “Jada ez dago aitzakiarik”, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilbon egindako ekitaldi nagusian azpimarratu zuen bezala. Gainera, sindikatuak mobilizazio ugari egin zituen hiriburuetan eta hamar bat eskualdetan.

Gogora ekarri behar da ELAk 4 orduko lanuzte orokorrerako deialdia egin zuela lantoki guztietan, CIG eta Intersindical sindikatuekin batera, Euskal Herritik, Galiziatik eta Kataluniatik ahots propioarekin gobernuei eta enpresei eskakizun zuzena eta anbiguotasunik gabea egiteko, UGTren eta CCOOren Espainiako sindikalismoan jatorria duten beste deialdi batzuetan ez bezala. Halaber, Hezkuntzan eta haren mendeko ataletan, greba orokorra egin zen egun osorako. Jarraipena garrantzitsua izan zen goizean goizetik.

Jarraipen masiboa

ELAk lanuzteen jarraipenari buruzko oso balorazio positiboa egin du. Bai sektore publikoan, bai pribatuan, lanuzteen eragina oso handia izan zen, batez ere Gipuzkoako eta Bizkaiko industrian. Gainera, ELAk Gasteizko Gobernuak eta Iruñekoak agindutako gutxieneko zerbitzu gehiegizkoak salatu nahi ditu. Gutxieneko zerbitzu horiek, adibidez, Osakidetzaren eta Osasunbidearen kasuan, milaka langileren greba-eskubidea urratu zuten.

Guztira milaka pertsona batu ziren ELAk antolatutako mobilizazioetan. Ekitaldirik jendetsuena 11:30ean izan zen, PSEren Bilboko egoitzaren aurrean. Ez da ahaztu behar Espainiako Estatuan eta Nafarroan gobernatzen duen alderdia dela, eta, gainera, EAJren gobernukidea Gasteizen. Ondoren, bildutako ELAko militanteak manifestazioan joan ziren Sabin Etxeraino.

Deia enpresei eta gobernuei

67.194. Ez da ausazko zenbaki bat. Israelek azken bi urteetan eraildako pertsonen kopuru ofiziala da. Zifra hori, agintari palestinarrek beraiek onartzen duten bezala, oso beheranzko estimazioa da, Gazako Zerrendan aspaldidanik pairatzen ari den blokeoaren ondorioz goseak edo osasun arreta faltak hildako pertsonak gehitu behar zaizkielako. Egoera hori gogortu egin da azken bi urte hauetan.

Mitxel Lakuntzak Bilboko ekitaldian adierazi zuenez, “herri palestinarrarekiko elkartasunak presioa eta mobilizazioa indartzea eskatzen du oraindik, genozidioa behin betiko gelditzeko, baina baita apartheid sionistari eta palestinarren lurren okupazioari amaiera emateko ere. Horregatik, betebehar etikoa da Europako erakundeen hipokresia salatzea, Espainiako Estatuko gobernuarena eta Pradalesen eta Chiviteren gobernuena barne”.

Horregatik, Lakuntzak dei bikoitza egin nahi izan zuen. Batetik, alderdi politikoei; bestetik, enpresei. “Euskal alderdiek euren jarrera zein den erabaki behar dute, Israelgo Gobernuarekiko harremanak hausteko exijentzian eta boikotaren defentsan batez ere. Galdera hau da: Prest al daude Sanchezi babesa emateko baldintza gisa ezartzea Espainiako Gobernuak Israeli boikota egin diezaiola Palestinaren eskubideak errespetatu arte?”

“Euskal Herriak –gaineratu zuen– Palestinaren alde mobilizatzeko gaitasuna erakutsi du, mezu argiarekin: ezin zaio ezer erosi edo saldu Israeli. ELAk Euskal Herriaren ahotsa ere aldarrikatzen du kausa palestinarrean, hainbat mobilizaziotan erakutsitako koherentzia historikotik: oraindik erlazio justifikaezin eta lotsagarri horiei eusten dizkieten enpresei zuzendutako mezua da. ELAk gogor salatu du euskal enpresa batzuek (Sidenor, CAF, Artiach...) Israelekin duten harreman komertziala, eta modu aktiboan agertu da horren kontra. Datozen asteetan gero eta beharrezkoagoa den zeregin horretan sakonduko du”.

Lakuntzak mezu argiarekin amaitu zuen bere hitzaldia: Palestinaren alde mobilizatzen jarraitu behar da. “Palestinar herriarekiko elkartasunak presioa eta mobilizazioa indartzea eskatzen du oraindik ere, genozidioa eta Gazako herritarren gaineko bonbardaketak, behin betiko gelditzeko, baina baita apartheid sistema sionistak eta genozidioak hamarkadetan zehar ahalbidetu duen palestinarren lurren okupazioa amaitzeko ere. Trumpen Plana Palestinaren okupazioaren jarraipena bermatzeko plan bat da. Ez da nahikoa palestinarrak hil ez ditzaten etenaldi bat lortzea, okupazioaren amaiera eta Israelgo apartheid erregimenaren eta Palestinari herri libre gisa existitzea eragozten dion edozein politikaren gaitzespena exijitu behar dira”.