Langileek baietz esan diote hitzarmen berriari
Gasteizko Fibertecniceko langileek asanbladan (ELAk 4, LABek 2, CCOOk 1) erabaki dute lan erreformaren aurkako klausulak dituen hitzarmen blindatua berritzea. Hitzarmen horrek, gainera, jasotzen ditu KPIaren gaineko soldata igoerak eta lanaldi murrizketa, besteak beste. Gatazkak bi hilabete baino gehiago iraun du, eta ondorioz, greba bertan behera geratuko da orain. Izan ere, asanbladan honako hau izan da emaitza: 77 boto alde, 29 kontra, 1 zuria.
Langileek lortu dute, aurreko eskubide guztiak errespetatzeaz gain, hobekuntza nabarmenak: lanaldi egun bateko murrizketa, KPIaren gaineko soldata igoera indarraldiko 3 urteetarako, soldata tauletako plusak eta gainerako kontzeptuak handituz, baita plantilla berritzeko txanda kontratua ere. Hori guztia enpresa hitzarmen kolektibo berri batean jasoko da (2025-2027 indarraldia). Hitzarmen hau ultraaktibitate mugagabeko eta ez aplikazioko klausulekin blindatuta egongo da.
Urrian enpresak atzerapausoak proposatu zituen, baina langileek mobilizatu eta grebara jo dutenez, azkenean lortu dituzte helburu nagusiak.