Osakidetzak soilik iraupen luzeko 1.920 behin-behinekoen lanpostu onartuko ditu estrukturaltzat
Mahai Sektorialeko bileran, Osakidetzak iragarri du plantilla “handituko” duela 2.160 lanpostuetan (horietatik 240 Onkologikoaren integraziotik datoz). ELAk gogorarazi nahi du Osakidetzak lanpostuak sortu beharrean, egun lanean dauden 2.160 langileren lanpostuak estrukturaltzat jotzeko neurria besterik ez dela. Izan ere, lanpostu horien egoera aldatuta ere, 1.920 langile behin-behinekoak izaten jarraituko dute, eta egunerokoan langile kopuru bera egongo da lanan; Osakidetzak kontrako itxura eman nahi badute ere.
Izan ere, lanpostu horiek egun betetzen dituzte iraupen luzeko aldi baterako langileek. Orain Osakidetzak egingo duena da 1.920 lanpostu horiei formalki kodea onartu, hau da, lanpostu horiek estrukturalak direla esango du, ez besterik.
Egun, Osakidetzak 3.384 plaza ditu koderik gabe iraupen luzeko aldi baterako langileek betetzen dituztenak, hau da, formalki estrukturaltzat jotzen ez direnak. Beraz, horrek esan nahi du beste 1.463 lanpostu ez dituela aitortuko, Osakidetzaren iritziz koiunturalak ei direlako. Langile horiek ezinbestekoak dira Osakidetzaren zerbitzua bermatzeko, baina ez ditu hala onartu nahi.
Horregatik, ELAk lanpostu horiek guztiak estrukturaltzat jo ditzala eskatu dio Osasun Sailari, eta dagokion kodifikazio aitortu.
Bestetik, gainera, gogoratu behar da Osakidetzak 1.545 plaza dituela bete gabe kategoria guztietan, eta Osakidetzak berak aste honetan emandako datuen arabera, gaur egun 24.272 aldi baterako langile daudela, hau da, plantillaren %50 baino gehiago (Europako justiziak eta Iceta legeak berak ezarri zuten behin-behinekotasuna %8koa izan behar zuela). Horregatik, Osakidetzak datorren urterako iragarritako EPEan beste 1.186 iragarri arren, egoera ez da apenas aldatuko. Kopuru hori txikiegia da behin-behinekotasunari aurre egiteko. Errealitate horren atzean lan baldintza eskasa, behin-behinekotasuna eta 15 urte baino gehiago berritu gabeko lan baldintzen akordioa baitago.