Patronalak aurreko eskaintza okertu du eta sindikatuek mobilizazioekin jarraituko dute
Joan den urtarrilaren 21ean txanda bakoitzeko 3 orduko lanuztea egin zuten Arabako Esku Hartze Sozialean. Ondoren, otsailaren 4an eta 5ean bi greba egun arrakastatsu egin zituzten. Horien ostean, gaur, otsailak 18, Arabako Gizarte Esku-hartzearen hitzarmena negoziatzeko mahaia izan da. Bada, ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k salatu dute negoziazioan aurrerapausoak eman beharrean, patronalak aurreko proposamena okertu duela.
Adibidez, 2025eko azaroan % 3,6ko soldata igoera proposatu zen; orain, aldiz, soldata igoera % 0koa da. AISAren planteamendua "ulertezina" dela uste dute, hura osatzen duten elkarte gehienek soldata-igoeraren ehuneko desberdinak ordaindu baitituzte, atzeraeraginezko ondorioekin 2025etik. "Irabazi-asmoa duten enpresei dirua aurrezten eta sektorea prekarizatzen ari dira", adierazi dute.
Zehazki, orain % 10,5eko soldata igoera planteatzen dute 4 urtetan, eta iazko uztailean eta azaroan bidali zituzten proposamenetan % 11,6 planteatzen zuten. Urteko gehieneko lanaldian ere okerrera egin dute. Gainerako gaietan ez dago inolako aurrerapenik. Salatu dutenez, patronala egungo legediak behartutakoa islatzera mugatzen da, kontziliazio pertsonalaren, familiarraren eta laboralaren arloan hobekuntzarik planteatu gabe. Bide beretik, ez du proposatzen neurririk partzialtasunarekin eta oro har prekaritatearekin amaitzeko.
Sindikatuek salatu dutenez, AISAk ia urtebete zeraman mahaia artifizialki luzatzen, "sindikatuei errua bota eta blokeoaren erantzule egiteko asmoz". Orain agerian geratu da patronalak ez duela negoziatu nahi. Izan ere, "lan baldintzak hobetuko ez dituen proposamen eskasa" jarri du mahai gainean. Sindikatuek diote neurri horiekin ez dela ekiparazioa lortuko.
Ezer aldatzen ez bada, datorren martxoaren 18an beste greba egun bat deituko dutela iragarri dute.