Bizkaiko Foru Aldundiak ELAren askatasun sindikalerako eskubidea urratu du
EAEko epaitegi gorenak Bilboko Administrazioarekiko Auzien Salak (1 zenbakiduna) ebatzitako sententzia berretsi du eta ELA sindikatuak jarritako salaketa onartu du. Epaitegi Gorenak adierazi duen bezala, sindikatuaren askatasun eskubidea urratu du Foru Aldundiak.
2015. urte amaieratik, Foru Aldundiko langileen lan-baldintzen negoziazio-mahaietan, ELAko ordezkari bati betoa ezarri nahi izan zion Aldundiak.
ELAn argi izan dugu beti sindikatuek izendatu behar dituztela euren izenean negoziatuko dutenak eta Foru Aldundiak, bere aldetik, bere izenean negoziatuko dutenak izendatu behar dituela.
Hilabete batzuk iraun zituen gatazkaren ostean, Foru Aldundiak ez zuen atzera egin eta, beraz, ELAko ordezkari sindikal bati negoziatzeko eskubidea ukatu zion. Egindako mobilizazioak ikusita eta Ministeritza Fiskalak egindako txostena irakurrita ere (argi eta garbi erakusten zuen txosten horrek Foru Aldundiaren erabakiak ELAren eskubidea urratzen zuela), Foru Aldundiko ordezkariek erabakiarekin aurrera egin zuten.
Bilboko Administrazioarekiko Auzien Salak (1 zenbakiduna), uztailean sententzia eman zuen. Sententzia horretan eskubide urraketa egon zela ondorioztatu zuen eta horrekin batera, ELAri aitortu zion bere ordezkariak izendatzeko duen eskubidea.
Halere, Foru Aldundiak ez zuen sententzia hau onartu eta EAEko Epaitegi Gorenean helegitea jarri zuen. Epaitegi honek, orain, ez du errekurtsoa onartu eta aurreko epaia berretsi du, alegia, Bizkaiko Foru Aldundiak ELAren askatasun sindikalerako eskubidea urratu duela berretsi.
Egoera honetan, 4000 langile baino gehiagori eragingo zien hitzarmenaren negoziazioa izan zen Aldundian. LAB eta CCOO sindikatuek Aldundiarekin batera sinatu zuten ez enpleguan, ez soldatetan, ezta zerbitzu publikoen indartzean ere aurrerapausurik ekarriko ez zuen Hitzarmena.
ELAtik Unai Rementeria Ahaldun nagusiari eta Ibone Bengoetxea Administrazio publikoetarako foru diputatuari honakoa exijitzen diegu: Funtzio Publikoko zuzendari eta azpizuzendariak kentzea. Izan ere, beraien jarrera mantendu dute beraien erabakiek izango zuten ondorioak zeintzuk izango ziren jakinda ere.
ELAk Foru Aldundiko, GUFEko eta enpresa publikoetako langileen lan baldintzen alde borrokan jarraituko du, bidean jarri nahi dizkiguten zailtasun guztien gainetik.