ELAk salatzen du Kristau Eskolak jada adierazi duela Estatuko hitzarmena aplikatzeko bere erabakia 2010etik ezartzen ari den murrizketak legeztatu asmoz
Kristau Eskolak bestelakoa ulertzera eman nahi duen arren, EAEko itunpeko irakaskuntzako patronal nagusiak, uztailak 5ean hitzarmen mahaian negoziazioa bertan behera uzteko erabakia jakitera eman zuela salatzen du ELAk, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako Lan Hitzarmena bukatutzat eman eta bere ordez VI Convenio de Colectivo de Empresas de Enseñanza Privada sostenidas total o parcialmente con fondos públicos delakoa aplikatuko duela.
Negoziaketak hasi zirenetik bai Kristau Eskolak baita IZEAk ere, 2010etik aplikatzen ari diren murrizketak juridikoki babestu nahi izan dituzte, baina Euskadiko Auzitegi Nagusiak eta Epaitegi Gorenak arrazoia kendu diote. Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketekin ados ez daudela eta benetako arazoa ikastetxeen finantzazioa eznahikoa dela aitortu arren, murrizketen pisu nagusia langileen gain jartzeko zalantzarik ez dute izan.
Hitzarmen berriaren negoziazioan bertan, planteatu duten aukera bakarra soldata taulen murrizketa onartzea edota hitzarmeneko taulak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen den finantzazioari lotzea izan da, hartara momentuko murrizketak legeztatu ahal izateko eta aurrera begira inposatu ditzaketen murrizketen aurrean babes legala izan zezaten.
Murrizketen pisu nagusia sektoreko langileen gainera botatzearen erabat aurka azaldu da ELA eta patronalaren xantaiaren aurrean ez du amore eman.
Patronalak ELA maximalistatzak eta malgutasunik gabekotzat jo du eta egungo egoeran jarraitzearren bakarrik, negoziazioa luzatzea leporatu dio, bere azken komunikatuan. Akusazio hauen eta azken bi negoziazio mahaietan planteatutako xantaiaren aurrean, ELAren negoziazio planteamendua hasieratik 2008-09 hitzarmena, alde bakarreko erabakiz bete ez eta Epaitegi Goreneko sententziak berrindartu duena, errespetatu eta betetzearen aldekoa izan da.
Beti ere, egungo hitzarmena, 2008-09koa, jarri du ELAk hitzarmen berrirako oinarri moduan. Eta horrekin batera, lan erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreformaren aurrean (patronalek beraiekin ados ez zeudela eta, ondorioz, ez zituztela aplikatuko esan zutenak) hitzarmenak betetzea bermatzen duten bermeak eskatu besterik ez du egin. Esan al daiteke maximalista dela hitzarmen bat defendatu eta bera okertzea ez onartzea?
Horretaz gain, ELAk murriztutako soldaten ordainketarako epeak negoziatzeko jarrera azaldu ondoren, gatazka kolektiboa jarri eta bi urte ta erdira, Euskal Herriko Epaitegi Gorenaren sententziatik bi urtetara, Madrilgo Epaitegi Gorenaren sententziatik 6 hilabetera eta mila demanda baino gehiago sartu ondoren, ELA Kristau Eskolarekin akordio batetara iristen da 2010 eta 2012 bitartean murriztutako kopuruak berreskuratzeko, ordainketak epe desberdinetan jarriaz, patronalak eskatu moduan ikastetxeek errazago aurre egin ahal izateko. Hori malgutasunik ez edukitzea al da?
Azkenik, 2010ean ELAk bere negoziazio plataforma aurkeztu zuen eta 2013ko urtarrileko mahaian lan erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreformen ostean, hitzarmen berri baterako funtsezkoak diren elementuak mahai gainean jarri zituen. Patronalek inola ere ez zituzten onartu. Aldiz, Kristau Eskolak mahaiari denbora eskatu zion Eusko Jaurlaritzari eginiko helegite kontenzioso-administratiboaren emaitza eta Lakuako aurrekontuen aurreproiektuak ikusi artekoa, hain zuzen ere.
Patronalak ekainaren 18ra arte ez du hitzarmenerako bere proposamen osorik aurkezten, behin Madrilen Estatuko Hitzarmena itxita dagoen arte. Ekainak 28an Kristau Eskolak mahaian, urrira arte negoziazioa areagotzea proposatzen du, data horretarako akordiorik lortu ezean derrigorrezko arbitrajea proposatuz eta, era batera edo bestera, 2013ko abenduak 31ean egungo hitzarmena bukatutzat emanaz.
ELAren eta gainontzeko sindikatuen aldetik xantaia hori onartu ez izanak, uztailak 5ean Kristau Eskola eta IZEA patronalek, negoziazio mahaia haustea eta EAEko hitzarmena bertan behera uzten dutela eta estatukora pasatzen direla adieraztea ekarri du.
Nork erabili du negoziazioa luzatzearen taktika eta, interesatu zaionean bukatutzat eman, erreformak ematen dizkion baliabide guztietaz baliatu asmoz?
EAEko hitzarmena baliorik gabe utzi eta estatukora pasatzeko saiakera honen bidez, Kristau Eskola eta IZEAk sindikatuekin izandako negoziaketetan lortu ez dutena lan eta negoziazio kolektiboaren erreformak ematen dizkieten tresnetaz baliatuz lortu nahi dute. Soldatak Eusko Jaurlaritzarengandik jasotzen duten finantziaziora mugatu nahi dute honela 2010etik inposatzen ari diren murrizketak legeztatzeko eta etor daitezkeen murrizketa berrien aurrean euren burua babestu eta langileei legez inposatzeko bideak zabalduz. Honez gain eta Estatuko hitzarmena EAEkoa baina nabarmen okerragoa dela kontutan izanik, patronal eta ikastetxeen esku uzten dute beraien behar eta interesen baitan lan-baldintzak okertzeko aukera. Ikastetxeei egungo hainbat baldintza mantentzeko aukera uzten diete, baina inola ere ez gure hitzarmenak ezartzen dituen soldata-taulak. Estatuko hitzarmena erreferentziatzat hartzeak arrisku bizian jartzen ditu kontratatuko diren langile berrien baldintzak eta bide ematen die patronalei aldebakarrez orain arteko lan-baldintzak nabarmen okertzeko, horrek lan-baldintzetan eta hezkuntzaren kalitatean izango lukeen ondorio larriekin.
Egoera honetan, patronalek hartutako erabakia ikastetxeen bideragarritasuna bermatzeko izan dela esatea onartezina da. Ikastexeen bideragarritasuna ez dago langileen lan baldintzen baitan, jasotako finantzazioan eta bere kudeaketan baizik. ELAk, Eusko Jaurlaritzak eginiko murrizketak gogor salatu ditu eta hauek langileen bizkar gainean jartzea ez du onartuko. Ikastetxeen kudeaketa okerra eta Eusko Jaurlaritzarekin finantzazioari dagokionean eginiko negoziazioen porrotaren erantzule ez dituzte sindikatuak eta langileak egingo.
Patronalen iritzi eta erabakiaren kontra, ELA eta sektoreko gainontzeko sindikatuek EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmen Kolektiboaren ultraaktibitatea uztailaren 7tik aurrera mantentzen dela ulertzen dugu. (Langileen Estatutuaren 86. art.: “Salvo pacto en contrario, los convenios colectivos se prorrogarán de año en año si no mediara denuncia expresa de las partes”. EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmenaren 4 art.: “... 2009ko abenduaren 31 arteko iraupena edukiko du; aldi hori, hala ere, espresuki, behin-behingoz eta halabeharrez luzatuko da, 2010eko hitzarmena indarrean jarri artean”.). Guzti honengatik, sindikatuaren zerbitzu juridikoak bide judizialari hasiera eman diote eta Gatazka Kolektiboa sartu dute egungo hitzarmen kolektiboaren indarraldiaren balioa defendatzeko.
ELAren ustez, EAEko Itunpeko Irakaskuntzako langileen aurka inoiz egin den eraso larrienaren aurrean aurkitzen gara. Hau dela eta, erantzuna eta eginbeharreko mobilizazioak prestatzen ari gara, inola ere greba deialdia baztertu gabe, eta patronalek hartutako erabakietan aldaketarik ematen ez bada, ikasturteari normaltasunez hasiera ezin zaiola eman ulertzen du.