Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuak lan-erreforma eta lana deuseztea bermatuko ditu EAE-ko administrazioan

2015/04/16
Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuak lan-erreforma eta lana deuseztea bermatuko ditu EAE-ko administrazioan
Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektua aztertzeko egin den Mahai Orokorreko bileran, gobernuak jakinarazi die sindikatuei amaitutzat jo duela "negoziazioa", eta martxoaren 10ean aurkezturiko testua legebiltzarrera eramango duela, onesteko. ELAren iritziz, gobernuak ezarri nahi duen legearen bidez lan-erreforma sartuko da administrazioan, eta gainera uko egingo dio euskal lege bat garatzeari.

ELAk gogoratu nahi du bigarren zirriborroa martxoaren 10ean bidali ziela sindikatuei, eta ELAk lehen zirriborroari aurkezturiko 200etik gora zuzenketetatik garrantzizko aldaketa bat ere ez zela onartu. Gobernuak, gure alegazioei idatziz erantzuteko hartu zuen konpromisoa bertan behera uzteaz gain, gaurko deitu digu aldez aurretik batere dokumentaziorik bidali gabe, hirugarren zirriborro bat aurkeztu eta asteartera arteko epea eman digu, azken testuari iruzkinen bat egiteko, beste behin ere agerian utziz sindikatuekin negoziatzeko inongo borondaterik ez daukala.

ELAren iritziz, gobernuak ezarri nahi duen legearen bidez lan-erreforma sartuko da administrazioan, eta gainera uko egingo dio euskal lege bat garatzeari.

Gaur aurkeztu duten zirriborroak gai zehatz bakan batzuk aldatzen ditu, baina aurreko zirriborroen ildo beretik dator.
ELAk eskatzen die legebiltzarreko taldeei ezetza emateko lege-aurreproiektu horri, EAEko herri-langileei eta orokorrean herritarrei ondorio larriak ekarriko dizkielakoan.

Aurreproiektuak, herritarrentzako zerbitzu publiko bat sustatu beharrean, lehentasuna ematen dio kontrol alderdikoiari, eta gainera langileak garaian garaiko gobernuaren menpean jartzeko tresnak sartzen ditu. Negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen du, administrazioak alde bakarretik erabakiko ditu lan-baldintzak, eta akordioak beteko diren edo ez bermatu gabe geratuko da. Sindikatuek eta herri-langileek Administrazioaren kudeaketan parte hartzeko dituzten tresnak, gutxienezkoenak ere, kentzen dituzte, eta botere osoa unean uneko gobernuko politikariei eta izendapen askeko kargudunei ematen zaie.

Enplegua egonkortzeari dagokionez, propaganda alde batera utzita, proposamena eskas eta urri geratzen da, kontuan izanik oraingo egoera larria eta Estatuko birjarpen-tasen menpe geratzea.

Beraz, aurreproiektu hori ELAk sustatzen duen norabidearen kontra doa. Gure helburuko legea honelakoa da: bertakoa, euskalduna, independentea, gizarte-kontrolaren pekoa eta herritarren zerbitzura begirakoa. Nahi dugun lege horrek lan-baldintza duinak bermatu behar ditu, mugigarritasunik ezan eta independentzian oinarriturikoak, benetako negoziazio kolektiborako eskubidea ematen duena, alde bakarreko ezarpenik gabea, eta EAEko esparru guztiak beregain hartzen dituena, gaur egun estatu-esparruan daudenak ere barne.

Lege horretan ziurtatu behar da funtzio publikoan enplegatu publikoek jardun behar dutela, zerbitzu gehiago ezin dela pribatizatu, eta enplegua mantentzeko bermeaz kontratatutako zerbitzuak arlo publikora lehengoratu behar direla. Lege horretan jaso behar da lanpostu hutsak nola bete, ordezpenak, eta plantillen egonkortzea. Ezarri behar du egitura-postuetan pertsonal finkoa ari behar dela, eta eginbehar hori betetzen ez duen administrazioari zehapena jarri behar zaiola.

ELAk mobilizazioak bultzatuko ditu aurreproiektu hori geldiarazteko, administrazioko langileentzat eta orokorrean euskal herritarrentzat oso kaltegarria izango zelakoan.