Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ontzat ematen dituzte aurrekontu murriztaileak eta Rajoyk ezarritako mugak
Gaur goizean Bilbon izandako agerraldian Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiekin batera arlo sozialeko arduradunak ere izan dira, Mikel Noval eta Bea Martxueta.
Novalek aipatu duenez, “Hego Euskal Herrian aplikatzen ari den zerga- eta aurrekontu-politikak kutsu neoliberal nabarmena du”. Hain zuzen, azpimarratu du “zerga kontuan europar batez besteko maila baino askoz beherago gaude. Maila horretara iristeko urtean 7.700 milioi euro gehiago bildu beharko litzateke (5.900 EAEn eta 1.800 Nafarroan)”. ELAren iritziz, gabezia hau batik bat gertatzen da soldatapeko ez diren errentetan dagoen iruzur fiskal handiagatik -hau ez baita murriztu- eta errenta altuei, enpresei eta kapitalei ematen zaien pribilegiozko tratuaren ondorioz, hauentzako hainbat zerga jaitsiera erabaki baita.
Bestalde, Muñozek salatu du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Foru Aldundiek ontzat eman dituztela Rajoyk espainiar Estatuko administrazioentzat ezarri dituen defizit publiko mugak. Diru-sarrera urriak eta defizit mugak eragin du erabaki diren aurrekontuetan sail sozialetara behar baino askoz diru gutxiago bideratu direla.
ELAk nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzarako EAJk eta PSE-EEk sinatu duten Gobernu Akordioak eta Nafarroako Gobernuaren 2017ko Aurrekontu-proiektuak -zeina Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren artean adostu zen- esan nahi dute orain arteko zerga- eta aurrekontu-politikari eutsiko diotela, hain zuzen gizartean desberdintasuna areagotu eta biztanleriaren pobretze orokorra ekarri duten politikari.
ELAren aburuz, argi dago bi gobernuen aurrekontuak murriztaileak izango direla. Eusko Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontu-proiektua aurkeztekoa den honetan gogoratu behar da Finantzen Euskal Kontseiluan Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak aurreikusi zutenez 2017an 13.498 milioi euro bilduko dira, hots, iaz 2016rako finkatu zen kopuru berbera. Zer esan nahi du horrek? 2017ko aurrekontuak egiteko oinarria diru-bilketa kopuru hori izango da. Beraz, datorren urteko aurrekontuak ez dira 2016rako erabaki zirenak baino handiagoa izango. Kontutan izanik zorraren ordaina handiagoa izango dela, emaitza izango da datorren urteko aurrekontuan sail sozialak 2016koak baino txikiagoak izango direla.
Nafarroako Gobernuaren 2017ko aurrekontu-proiektua tramite hutsezko parte hartze baten ondoren aurkeztu da, benetan eragiteko inolako aukerarik ez da izan. Egia da Osasun eta Hezkuntzako gastua 2016koa baino handiagoa izango dela, baina hau ez da beharrizan sozialak asetzeko nahikoa. Areago, ez dira ezarritako murrizketak bere onera ekartzen: 2017ko Hezkuntzako aurrekontua 2010ekoa baino txikiagoa izango da. Beraz, Nafarroako Gobenruaren aurrekontu-politika ez dator bat gizarteak eskatzen dituen aurrekontu sozial, parte hartzezko eta burujabeekin.
Horrenbestez, ELAk galdegin du aurrekontu- eta zerga-politikak gehiengo sozialaren mesedetan egin daitezela. Ezin da onartu gaur egun elite ekonomiko batek erabakitzea botere politikoak jarraitu beharreko ildoa. Aliantza publiko-pribatuaren diskurtso eta praktikarekin apurtu beharra dago, izan ere, bere ondorio bakarra bi arloen arteko topaguneak sortzea eta botere instituzionala korporazioek kooptatzea baita. Gizartearen eraldatze justua nahi duten indar politikoei eskatu die ez dezatela honelako aurrekontu eta zerga-politikarik babestu.
ELAk hitza eman du bere diagnostiko eta proposamenak gizarteratzeko estrategia garatuko duela, xedea mobilizazio dinamika bat bultzatzea delarik, harik eta botere politikoak aurrekontu- eta zerga-politika aldatzen duen arte.