Soldaten ordua iritsi da negoziazio kolektiboan
Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusia, eta Joseba Villarreal negoziazio kolektiboko arduradunak aurkeztu dituzte 2015ko aldarrikapen nagusiak. ELAren esanetan “esplotazio baldintzetan diharduen prekariatu berri bat ari da hedatzen, eta horri egin behar diogu aurre. Duintasunik gabeko enplegua, miserablea”.
Bestalde, krisiaz eta botere ekonomikoak politikan duen eraginaz baliatu dira aberastasuna modu justuagoan banatzeko aukera ematen zuten tresnak ahultzeko. Hain zuzen negoziazio kolektiboa da tresna horietako bat. ELAren iritziz, orain inoiz baino are latzago, erreformen xedea enpresetan kapitalarentzako ordain handiagoa da, etekinak handitzea.
ELAk argi ikusten du soldatak jaitsiarazteko egin diren politikek atzeraldia eta enpleguaren suntsipena ekarri dutela. Horregatik, soldaten igoera ezinbestekoa da testuinguru honetan. Soldatak igotzea diogu, zeharkako beste bide batzutatik murrizteko aukera eragotziaz: langile berrientzako eskala bikoitzak, lanaldi luzapenak, lan-baldintza kaskarragoak ezartzeko jardueren esternalizazioa, etab.
ELAk esan du aldaketa guztiok medio kapital eta lanaren arteko harremanetan erabateko mutazioa gertatu dela. Sindikalismoak honi guztiari egin behar dio aurre. Erasoak geldiarazteko modu bakarra dago, defentsa kolektiboa indartuko duen borroka antolatua.
Euskal patronalak enpresa eta langileen arteko harremana banaka izatea nahi du, negoziazio kolektiboa eta sindikatuak alde batera utzita. Hutsegite handia litzateke hitz horien mamia zein den ez ulertzea. Ez dute defentsa kolektiborik, ez sindikatu antolaturik nahi.
Legeek ezarri diguten babes gabeziaren aurrean, hitzarmenak eskubidez eta duintasunez bete behar ditugu, antolakuntza finkatuaz. Gaur, inoiz baino areago, sindikatua da tresnarik egokiena. Horixe da ELAren apustua.