Gasteizko TUVISA autobusen konpainiak hauteskundeetan emaitza ona ateratzea eragotzi nahi dio ELAri

2014/11/24
Enpresa publikoa saiatu da ELA-ordezkariak ordu sindikalik gabe uzten hauteskunde-prozesuaren erdian. ELAk auzitara jo du, askatasun sindikalerako funtsezko eskubidea ageri-agerian urratu delakoan. Gainera, hauteskunde sindikalak egin baino lehen epaia lortzea zaila dela jakinda, kautelazko neurri gisa ordu sindikalen kendura eteteko eskatu dugu, hauteskunde sindikalak igaro arte.

Irailean Kudeaketa Zuzendaritzak baimendu zien hogeita hamar langileri ELAk antolaturiko edukin sindikaleko saio batzuetara joatea. Aplikagarri den Hitzarmenean jasotako eskubide bat da, ELAk aldez aurretik jakinarazi zizkion enpresari saioen xehetasunak; eta enpresak zerbitzua moldatu zuen, langileak saioetara joan zitezen.

Behin ihardunaldiak amaitu ondoren, enpresak jakinarazi zien ELA-ordezkariei ez zutela ihardunaldi horietara joateko eskubiderik —nahiz eta enpresak berak baimenduak izan, eta ihardunaldiak amaiturik egon—, eta ihardunaldi-orduak ordu sindikalekin konpentsatuko zituela, hurrengo hiru hilabeteetan ordu sindikalik gabe utziz.

Jokabide hori, berez, irregularra eta gaitzesgarria bada, are onartezinagoa da enpresa hauteskunde sindikaletan murgildurik badago. Argi dago enpresak trabatu nahi diola ELAri hauteskunde-lana hain garai erabakigarrian, sindikatu honek hauteskundeetan emaitza onik atera ez dezan.

ELAk auzitara jo du, askatasun sindikalerako funtsezko eskubidea ageri-agerian urratu delakoan. Gainera, hauteskunde sindikalak egin baino lehen epaia lortzea zaila dela jakinda, kautelazko neurri gisa ordu sindikalen kendura eteteko eskatu dugu, hauteskunde sindikalak igaro arte. Enpresak eta batzordeko sindikatu batzuk (CCOO, ESK eta UGT) aurka azaldu dira eskari horren aurrean; baina epaitegiak, ordea, eskatutako kautelazko neurria bidezkoa dela ulertu du, eta enpresaren erabakia eteteko agindu du.

Etikaren eta demokraziaren ikuspuntuetatik onargarriak ez diren prozedura horiek salatzeaz gain, ELAk nabarmendu nahi du enpresaren arrazoia gure sindikatua boikoteatzeko: ELA da aukera bakarra sindikalismo independentea, garbia eta gure herriko langileriaren interes kolektiboaz aparteko beste baldintzarik gabea aurrera eramateko.