Muñoz: "Bakoitzaren papera alde batera utzita, guztia hasieratik adostuta zeukaten Kutxabanken”

2014/11/06
Muñoz: "Bakoitzaren papera alde batera utzita,  guztia hasieratik adostuta zeukaten Kutxabanken”
Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia Kutxabanken kapital pribatuari atea irekitzeko prozesuaz mintzatu da: “pentsaezina da hau babestu duten arduradunek ez ziotela Espainiako Bankuari aurrez eskatuko argitzeko zein baldintza ezartzeko asmoa zuen. Ziur gaude guztia hasieratik adostuta egon dela, eta bakoitzak bere papera jokatuta ere, helburu berbera zeukatela.

Ezin da itsu-itsuan, ezjakinean aurrera egiteko punturaino arduragabea izan, hori sinestea nahi duten arren”, esan du Muñozek.

ELAko buruak sindikatuaren ikuskera berresten du: “dena hitzartuta zegoelako froga Kutxabankeko eta Kutxako presidenteen erabateko koherentzia da; galdetu dieten aldioro, bat etorri dira orain Espainiako Bankuak plazaratu dituen proposamenekin. Eurek emaitza honetara iristeko lan egin dute, eta baten batek kokatu dituelako daude postu horietan”.

Muñozek gogoratu du krisiaren hasieran finantza sektoreko buru espainiarrek esan zutena: Kutxak “akabatu beharreko anomalia bat” zirela. “Bada, Kutxabankeko zuzendaritzak eta EAJ, PSE-EE, PP, CCOO eta Pixkanakako ordezkariek bide eman diote Kutxek kudeatzen duten finantza-merkatuaren zatia negozio pribatuaren esku jartzeari; hots, euskal kutxen xedea aldatu dute. Orain arte akziodun pribatuei ez zitzaien dibidendorik banatzen; aurrerantzean bankuaren helburu nagusia hori izango da: etekinak banatzea. Aldaketa hau ekidin ezean, Gizarte-Ekintzan eta gure herriko ekonomia errealean kalte handia eragingo du”, amaitu du idazkari nagusiak.