LEIOAKO ARRETA ZENTROA

Grebara joko dute azaroaren 16an, langile falta salatzeko

2026/11/13
Grebara joko dute azaroaren 16an, langile falta salatzeko
ELAk lan baldintzek eta arretak okerrera egin dutela salatu du, hirugarren solairua langile propiorik gabe berriz ireki ostean. GUFEri eskatu dio negoziazioei ekiteko eta egoitzaren benetako beharretara egokitutako langile kopurua bermatzeko.

Langile faltak eta lan eta arreta baldintzen okertzeak grebara eramango dituzte Leioako Foru Egoitzako langileak azaroaren 16an, ELAk, LABek, UGTk eta SATSEk deituta. Izan ere, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) zuzendaritzak langile kopuru nahikorik gabe mantentzen du zentroa, eta uko egiten dio egoitzaren benetako beharrei erantzungo dien Lanpostuen Zerrenda (LPZ) negoziatzeari.

Gatazkaren arrazoi nagusietako bat urriaren 27an hirugarren solairua berriro ireki izana da, langile propiorik esleitu gabe. Solairuaren funtzionamendua beste unitate batzuetako profesionalak lekualdatuz bermatzen ari dira, eta horrek egoiliarrak artatzeko baliabideak murrizten ditu. Gainera, GUFEren proposamenak gutxieneko erreferentzia ratioak baino langile gutxiago aurreikusten ditu osasun laguntzaileen kasuan, gaueko txandan erizain bakarra 150 erabiltzaile artatzeko eta garbiketa langileen hamaika lanpostu gutxiago, aurrez aurrekontuan jasotako kopuruarekin alderatuta.

Horren aurrean, Enpresa Batzordeak 16 lanpostu gehiago sortzea eskatzen du: Erizaintzako lanpostuak 14tik 17ra igotzea; Osasun Laguntzako Laguntzaileenak 89tik 93ra; Kamarero-Garbitzaileenak 44tik 52ra; eta Administrarienak 2tik 3ra. Gainerako kategorietan ez da aldaketarik proposatzen. Indartze hori ezinbestekoa da arreta egokia bermatzeko eta unitate berriak irekitzeko lehendik dauden zerbitzuetako baliabideak murriztu behar ez izateko.

Langile falta ez da lan-arazo hutsa. Egungo egoerak egoiliarren segurtasuna eta jasotzen dituzten zaintzen kalitatea arriskuan jartzen ditu. Profesionalak etengabe solairu batetik bestera mugitzeak taldeen egonkortasuna eta zaintzen jarraitutasuna zailtzen ditu. Gainera, langile faltak erorketak izateko eta pertsonak modu ez-seguruan mobilizatzeko eta lekualdatzeko arriskua handitu dezake, baita berehalako arreta behar duten oinarrizko zaintzetan atzerapenak eragin ere. Garbiketako langilerik ez egoteak zuzenean eragiten die higiene- eta osasun-baldintzei eta infekzioen prebentzioari.

Azken Negoziazio Mahaian GUFEk LPZren negoziazioan aurrera egiteari uko egin ondoren, azaroaren 4an egindako langileen batzarrak ezohiko bilera bat eskatzeko, hirugarren solairuaren antolaketa berrikusteko eta mobilizazio egutegi bat onartzeko erabakia hartu zuen. Egutegi horren barruan dago azaroaren 16ko greba. ELAk zuzendaritzari eskatu dio behar adinako langile kopurua bermatuko duen LPZ negoziatzeko, lan baldintza duinak ziurtatzeko eta egoiliarrei arreta seguru eta kalitatezkoa eskaintzeko.