ELAk pozik hartu du kontratazio publikoan klausula sozialak ontzat ematen dituen EAE-ko Goi Auzitegiaren epaia

2015/01/22
Epaileek beren erabakiarekin atzera bota dute Lehiaren Euskal Agintzaritzak sartu zuen helegitea; herrilanei buruzko Gipuzkoako Foru-Araua indargabetu nahi zuen horrela.

EAEko Justizia Goi-Auzitegiak eman duen epaiaren arabera, zilegi da kontratazio publikoetan klausula sozialak sartzea. Epaiak Lehiaren Euskal Agintaritzaren asmoa bertan behera utzi du; izan ere, erakunde honek Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoen bitartez Gipuzkoako 4/2013 Foru-Arauaren aurka jo zuen, Foru-Sektore publikoko lanetarako kontratuetan klausula sozialak jasotzen zituelako. Zehazki, Agintaritzak araua errekurritzeko hiru argudio eman zituen:

  • Erreforma laboralaren osteko legediaren aurkakoa izatea, hitzarmenaren salbuespena egin eta enpresa-hitzarmenaren aplikazioa lehentasunari buruz.

  • Europar zuzenbidearen aurkakoa izatea.

  • Lehia librearen aurkakoa izatea, enpresentzako gainkostuak omen zekartzalako.

Bada, auzitegiak argudio horiek banan-bana ukatu ditu. Laburtuz, esan dezakegu Foru-Administrazioak baduela ahalmena bere kontratuak lortzeko lehian daudenei kontratu-beharrizan batzuk ezartzeko, eta horrek ez du esan nahi contra legem jokatzen duenik. Areago, Goi-Auzitegiak dio, lehia librearen azken argudioari buruz, lan-legedia bete dadin derrigortzea inola ere ezin dela diskriminazio gisa ulertu.

Horrenbestez, ELAk salatu du Lehiaren Euskal Agintaritza neoliberalismorik basatienaren aitzindari moduan agertzen dela: langileentzako babes guztiak desagerrarazi nahi ditu. Bere jokabideekin, nola gai honetan, hala merkataritzako ordutegien auzian, erakunde honek beti ere enpresa-lobbyen alde jokatzen du, langile-klasearen interesen kaltetan.

Halaber, ELArentzat pozgarria da epai hau aurrekari positiboa delako sindikatuak berak bultzatu duen Herritarren Legegintza Ekimenari dagokionez; beronen xedea EAEko kontratazio publiko guztian klausula sozialak sartzea da. ELAk dei egiten die talde politiko guztiei hau aintzat hartu eta izan daitezela lehenak herri-administrazioan esplotazioari atea ixten dion araudia ezartzen.