Bizkaiko erresidentziak: zaintzeak gaixotasuna dakarrenean

ELAk salatu du prebentzio legea ez dela betetzen

ELAk salatu du prebentzio legea ez dela betetzen
Enpresen osasun txostenek aitortzen dute lau langiletik hiru arriskuan daudela eta behargin gehiago behar direla, baina ez dituzte hartzen legeak agintzen dituen neurriak. ELAk "Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean" izeneko kanpainari ekingo dio, arazo horri aurre egiteko eta konponbideak lortzeko alternatibak lantzeko.

Bizkaiko zahar etxeetan ez da betetzen Lan Arriskuen Prebentzio Legea (5.800 langile). Hori da hainbat egoitzetako arrisku psikosozialen ebaluazio txostenak aztertu eta gero ELAk atera duen ondorioa. Hala nola, ELAk aztertu ditu Sanitas (Barakaldo), Domus Vi (Ibaizabal-Arrigorriaga) eta Abeletxe (Vitalia Home, Ermua) erresidentzietako txostenak, eta ondorioztatu du sektoreko lau langiletik hiru arriskuan dagoela gehiegizko lanaren eta behargin eskasiaren ondorioz. Halako egoeran daude, zehazki, gerokultoreen %96,8, garbikuntza eta sukaldeko langileen %70, sanitarioen %71,4 eta % administrazioko langileen %84.

Legeak dioenez, enpresek derrigor hartu behar dituzte langileen osasuna babesteko prebentzio neurriak. Horretarako, lehenik arrisku faktoreak ebaluatu eta txosten batean zerrendatu behar dira; hurrengo urratsa da emaitzaren baitan lan kargak modu osasuntsuan antolatzea. Bada, txosten horien azterketa eginda, ELAk egiaztatu du hori ez dela gertatzen Bizkaiko zahar etxeetan. Areago, aurreko urteetako txostenetan egoeraz ohartarazi zen, baita esan ere lan zentroetan behargin gehiago behar zela, baina enpresek emaitza horiei entzungor egin eta ez dute bete legeak ezarritakoa; zehazki Lan Arriskuen Prebentzio Legeko 16.1. art. eta Ordena Sozialeko Arauhauste eta Zigorrei buruzko Legeko 12.1 a art., ez direlako txertatu prebentzio mekanismo horiek. 

Errealitate horrek okerrera egin du ratioaren inguruko azken dekretua indarrean sartu denetik. Dekretuak arreta denbora murriztu egin du, urtean 2.388 ordu izateraino eta, gainera, ez dio erantzunik ematen egoiliarren profilak duen aniztasun eta konplexutasun handiari. Emaitza: langile gutxiago eta lan karga handiagoak, eta horrek arrisku psikosozial eta ergonomikoak areagotzen ditu, eta profesionalen zein egoiliarren artari eta ongizateari erasan. 

Politikariek eta enpresek jakinaren gainean hartutako erabaki horiek langileak eta horien gertukoak gaixotzen dituen inpaktu fisiko, mental eta soziala eragiten du, eta zerbitzua bera okertu. 

Testigantzak: “Oso txarto nago”

Langileek eurek hala berretsi dute ELA sindikatuaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Hona hemen testigantza batzuk: “Lan-txanda amaitu eta ez daukat inorekin berba egiteko gogorik; lo baino ez dut egin nahi”; “Antsietate gero eta handiagoa dut lantokira hurbildu ahala. Erlojua, telefonoa, garrasiak, presaka ibili beharra, dutxak, gosariak... Gaur ere ez daukagu geure lana egiteko nahikoa eskurik”; “Oso txarto nago, izan ere, txanda guztian gelditu gabe ibili ostean eginkizun asko amaitu barik geratzen baita, eta hurrengo txandakoei uzten dizkiet”; “Zuzendaritzara eramango naute egoiliar batekin mintzatzen ikusi nautelako, produkzio-enpresa bat balitz bezala lana egin ordez”; “Enpresak eskatzen dizkidan lan guztiak egitea ezinezkoa da, jakinik baliabideak eta beharginak urriegiak direla”.

Arazo honen berri egoitzetan zabaltzeko, ELAk kanpaina bati ekin dio: `Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean´. Horretarako, langileei inkestak egingo dizkie zentro bakoitzean arrisku psikosozial eta fisikoen benetako egoeraren informazioa biltzeko, eta datorren urtean negoziatuko den hitzarmenera aldarrikapen hauek eramateko. Horretarako, hainbat faktore aztertuko da: gehiegizko lan kargak, lan denbora eta erritmoa, ordezkapenik ez egitea, erabiltzaileen eta okupazio ratioen saturazioa, pertsonekiko harremana eta eskari psikologikoak (emozioak…), txarto kudeatutako antolakuntza aldaketak edota lan prekaritatea... Aipatutako txostenetan faktoreok arrisku faktore gisa identifikatu dira, baina ez dituzte aintzat hartu ratioaren dekretua egiterakoan. 

ELAko ordezkariek azken urteetan lan egin dute eta kalera atera dira lantokietako gehiegizko lan kargak salatzeko. Egoera larri horrek osasunari kalte egiten dio eta egoiliarrei zor zaien arreta denbora bermatzea galarazten du. Kanpaina berri honekin, ELAk beste urrats bat egin nahi du beharginen, senideen eta egoiliarren lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean.