ELAk, LABek eta Steilasek IRALEko R ikastaroetan izena emateko deia egin dute
Steilasek, LABek eta ELAk berriro salatu nahi dute Hezkuntza Sailak IRALEko R ikastaroak bertan behera uzteko hartu duen erabakia. Alde bakarrez hartutako erabakia da, irakasleen eta sindikatuen iritzia kontuan hartu gabe, eta euskararen normalizazioan eta irakasleen prestakuntzan ondorio larriak izango dituena.
Azken hilabeteetan milaka irakaslek, ehunka ikastetxek eta hezkuntza komunitateko eragile askok argi adierazi dute murgiltze bidezko prestakuntza horien aldeko jarrera. 6.500 sinadura baino gehiago bildu genituen, mobilizazioak egin dira ikastetxeetan, eta behin eta berriz eskatu zaio Hezkuntza Sailari erabakia bertan behera uztea eta gaia negoziazio mahaira eramatea.
Hezkuntza Sailak, ordea, ez die eskaera horiei erantzun egokirik eman. Horren aurrean, sindikatuok, irakasleei dei egiten diegu datorren ikasturterako eskaintzan agertuko ez diren IRALEko R ikastaroetan izena eman dezaten ekainean zehar. Helburua ez da administrazio-prozedura huts bat egitea; helburua da argi erakustea ikastaro horiek beharrezkoak direla, langileen artean benetako eskaria dutela eta Hezkuntza Sailaren erabakiak ez diola hezkuntza komunitatearen nahiari erantzuten.
Izen-emate sinboliko eta aldarrikatzaile horren bidez, irakasleen kezka eta haserrea ikusgarri egin nahi ditugu, baita euskararen ezagutza, erabilera eta transmisioa indartzeko tresna eraginkorrak mantentzearen beharra ere.
Sindikatuon ustez, euskarazko murgiltze-prestakuntza ez da gastu bat, inbertsio estrategikoa baizik. Euskal hezkuntza sistemak euskaran gaitasun handiko irakasleak behar ditu, eta horretarako ezinbestekoa da urte luzez emaitza onak eman dituen prestakuntza eredua indartzea, ez desagerraraztea.
Horregatik, Hezkuntza Sailari berriro eskatzen diote:
• Irakasleentzako euskarazko murgitze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.
• Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea, eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
• Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
• Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
• Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.
Ekainean zehar ekimen honetan parte hartzeko deia egiten deigu irakasleei, ikastetxeei eta hezkuntza komunitate osoari. Murgiltze ikastaroen etorkizuna ez dago jokoan soilik; euskarazko hezkuntzaren kalitatea eta etorkizuna ere.