EUSKARA

ELAk sindikatu eta patronal nagusien arteko bilera eskatu du Nafarroan negoziaketak euskaraz ere egin ahal izateko

2026/07/29
ELAk sindikatu eta patronal nagusien arteko bilera eskatu du Nafarroan negoziaketak euskaraz ere egin ahal izateko
ELAk Nafarroako Gobernuari helarazi dio sektore publikoan negoziaketak euskaraz egiteko asmoa duela eta bileretako dokumentazioa euskaraz ere egon dadila hemendik aurrera.

ELAk irailaren 23rako UGT, CCOO, LAB eta CEN biltzera deitu ditu sektoreko hitzarmen kolektiboak, gaztelaniaz negoziatzeaz gain, euskaraz ere negoziatzeko baldintzak sor daitezen.

Nafarroan langileen lan-baldintzak arautzen dituzten hitzarmenen negoziaketa ia guztiak gaztelania hutsez gauzatzen dira. Beste lurralde batzuetan ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez du inolako laguntzarik eskaintzen sindikatu eta patronalen arteko negoziaketak errazteko eta, besteak beste, ez dago bat-bateko itzulpen zerbitzurik sindikatuen eta patronalen zerbitzura, Nafarroako Parlamentuan badagoen moduan.

Laguntza publikorik ez dagoenez, negoziatzaileen artean erabakitzen da zeintzuk diren eragileen arteko hizkuntz-irizpideak. Praktikan, soilik gaztelania ezagutzen duten negoziatzaileek inposatzen dute bileretako hizkuntza, eta ez dago euskaraz aritzerik.

ELAren iritziz bada garaia egoera hau iraultzeko eta negoziatzaile guztien hizkuntz-eskubideak bermatzeko. Euskara negoziaketetatik kanpo egoteak eragin du, besteak beste, euskaldunon hizkuntz-eskubideak hitzarmen kolektiboetan erabat bazterrekoak izatea. Esaterako, Nafarroan ELAk aztertutako 376 hitzarmenetatik soilik 13k jasotzen du euskaraz lan egin ahal izateko laguntza, hau da, hitzarmenen % 0,03k jasotzen du euskararen aldeko neurriren bat.

ELAk uste du sindikatuek eta patronalak Nafarroako Gobernuari elkarrekin eskaera egin beharko lioketela itzulpen-zerbitzu publikoak negoziatzaileen esku jarri ditzaten. ELAk euskaraz negoziatzeko bere asmoa helaraziko die beste eragileei eta Gobernuak laguntzarik eman ezean denen artean hizkuntz-eskubideak nola bermatuko diren eztabaidatzea proposatuko du, ELAk ez baitio uko egingo euskaraz aritzeari.

Nafarroako Gobernuari eskaera bereizia

Sektore publikoan ere hainbat negoziaketetan ez dago euskaraz aritzerik eta bileretara Nafarroako Gobernuak idatziz eramaten dituen proposamenak, gaztelania hutsez egon ohi dira. Ondorioz, sektore publikoan ere negoziaketak gaztelania hutsez egin ohi dira gehienetan. ELAren ustez erakunde publikoek aitzindariak izan beharko lukete hizkuntz-eskubideak bermatzerakoan eta, horregatik, negoziaketetan euskaldunon hizkuntz-eskubideak bermatzeko berehalako neurriak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari, ELAk negoziaketak euskaraz egiteko asmoa baitu, bai ahoz zein idatziz.