Benetan balira zerbitzu publikoak hobetzeko aurrekontuak...

2025/11/17
Benetan balira zerbitzu publikoak hobetzeko aurrekontuak...
Igor Eizagirre - ELA Gizalan
Imanol Pradalesek bere lehen aurrekontuak lehendakari gisa aurkeztean ziurtatu zuen Eusko Jaurlaritzaren kontuek lehentasuna eman behar ziotela zerbitzu publikoak indartzeari. Ildo beretik hitz egin du D 'anjou sailburuak 2026ko aurrekontuen aurkezpenean. Ezin naiz haiekin gehiago ados egon: aurrekontuak funtsezkoak dira kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko.

Hala ere,2026ko aurrekontu-sailek kontrakoa erakusten dute. Hezkuntzari dagokionez, aurrekontua soilik 8 milioi inguru igo da 2025etik. Osasun sailaren aurrekontua 182 milioi euro handiagoa izango da, baina zenbateko hori iaz iragarri zen, eta haren xedea zen zeuden gabeziak osatzea: ez da hobekuntzak sustatzeko partida berririk. Gainera, Hezkuntza eta Osasun arloko kopuruak Europako bataz besteko mailatik oso urrun daude: 2025ean Hezkuntzara BPGaren % 3,81 bideratu zen (EBn % 4,7 zen bitartean), eta Osasunera, % 5,05 (EBn % 7,6).

Kopuruez gain, partida horiek nola gastatzen diren aztertu behar da, eta ondorioztatzen dena da zerbitzu publikoak oraindik ere erakundeentzat negozio-esparrua direla. Lankidetza publiko-pribatua deitzen diote. Ondorioz, 100.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute funtsezko zerbitzuak ematen (zaintzak, hirugarren sektorea, garbiketa, energetikoak...) diru publikoa jasotzen duten eta lan-baldintzak prekarizatzearen eta zerbitzu horiek mugatzearen kontura etekinak lortzen dituzten enpresa pribatuetan. Aurrekontuek estrategia hori bermatu besterik ez dute egiten.

Ezin ahaztu, bestalde,  Eusko Jaurlaritza dela Aldi Baterako Enplegu Enpresarik (ABLE erderaz ETT) handiena, bere ardurapeko sektoreetan behin-behinekotasuna % 42 koa baita: Osakidetzan 27.000 aldi baterako langile dira, eta Hezkuntzan, beste 25.000. Plantillak egonkortu behar dira, eta horrek baliabide gehiago eta borondate politikoa eskatzen ditu. Zerbitzuak ez dira hobetuko, langile eta gaixo/ikasle/erabiltzaile arteko ratioak murriztu ezean, biztanleria gero eta anitzagoa eta zahartuagoa baita, eta beharrizan handiagoak baititu.

Hori guztia Eusko Jaurlaritzako langileen lan-baldintzak beherantz doazenean (Ertzaintza edo Hezkuntza izan ezik). 2022-2025etik, soldatak KPItik behera % 8 ko galera izan du. Jaurlaritzak dioenez, erabaki hori Madrilen esku dago, baina hori hala balitz zergatik da ezberdina estatuko langile publikoen eta Jaurlaritzakoen soldata?

EAJ eta PSOEren arteko inbestidura akordioak, baita Hezkuntza eta Ertzaintzan gobernuak egin dituen proposamenek ere, argi utzi dute borondatea dagoenean, edo greba eginez behartzen denean, baldintza horiek berton erabakitzeko formulak aurkitzen direla.Formula horiek kolektibo guztientzat ezartzen ez badira, Gobernuak berak diskriminatu egiten ditu kolektibo batzuk beste batzuekiko. Esaterako, Osakidetzako langileen hitzarmena duela 15 urtetik hona ez da eguneratu; aldiz, Ertzaintzakoa bai (nahiz eta asko hobetzeko tartea dagoen).

Horregatik, Pradalesek eta d’Anjouk zerbitzu publikoak hobetu nahi badituzte ezinbestekoa da aurrekontuetan neurri zehatzak ezartzea : Batetik, inbertsioa handitu zerbitzuen pribatizazioari atzera eragiteko -zaintza sektoretik hasita- eta osasun- zein hezkuntza-aurrekontuen pisua EBko mailaren parera eramateko. Bestalde, aurrekontuekin bermatu behar da lan-baldintzak hemen erabakiko direla, enplegu beharrizana hemen definituko duela eta aldi baterako langileak finkatuko dituela , bide batez pribatizazioari atea itxiz. 

Borondatea badago, horretarako formulak bilatzen dira. Horren adibide da aurrekontuaren lege-proiektuak berak xedapen bat ezartzen duela Osakidetzan estaltzeko zailak diren lanpostuak osatu eta egonkortzeko. ELAk borondate hori beste kolektibo batzuetara zabaltzea nahi du, baita 2022tik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, ratioak hobetzea, gehiegizko burokrazia amaitzea eta lan-kargak arintzea ere. 

Azkenik, euskararen arloan diru-sail bat jarri behar da langileen euskalduntzea ziurtatzeko, eta baliabide ekonomikoak behar dira ere berdintasun planak eta plantillak gaztetzeko egitasmoa adosteko.

Neurri horiek gabe, 2026ko aurrekontuek ez dituzte zerbitzu publikoak indartuko, baizik eta are gehiago ahultzeko balioko dute. Nahiago nuke Lehendakariari eta Ogasun Sailburuari arrazoia eman ahal izango banie.