Pobreziaren eta prekarietatearen aurkako borroka ardatz ELAko zerbitzuak federazioaren Kongresuan
ELA-Zerbitzuak federazioren kongresuan Marikruz Elkoro idazkari nagusiak adierazi du Zerbitzuak federazioak aitzindaria izan nahi duela pobreziaren, prekarietatearen eta desberdintasunaren aurkako borrokan; horretarako, ezinbestekoak dira genero ikuspuntutik egindako diagnostiko eta analisiak: Prekarietateak eta desberdintasunak bereziki eragiten die emakumeei. Kongresuan aipatu dituen beste gai batzuk honako hauek izan dira: negoziazio kolektiboaren estatalizazioa -estatuko lan-hitzarmenek miseria dakarten heinean-, enpresa pribatu eta publikoetan ezartzen den azpikontratazioa eta outsourcing edo zerbitzuen esternalizazioa.
Lan hitzarmenen estatalizazioen inguruan, Elkorok adierazi du CCOO eta UGTren helburua “gure lan baldintzak Madrilen erabakitzea” dela, eta honek “pobrezia eta lan baldintza kaxkarrak” ekarriko dituela. Era honetan, azpimarratu duenez, ELAren presioak enpresa gehienak bertako lan hitzarmenak betetzera bultzatu ditu.
Kongresuaren bukaeran delegatuek ELA-Zerbitzuak federazioko egitura berria adostu dute. Marikruz Elkoro izango da berriz ere idazkari nagusia. Batzorde iraunkorra, Marikruz Elkoroz gain, honako hauek osatuko dute: Mirari Irure, Pablo Garmendia, Josba San Miguel, Egoitz Iturbe eta Imanol Pascual.
Azkenik, Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiak adierazi du prekarietateari, soldata murrizketei eta emakumeenganako diskriminazioari aurre egiteko ezinbestekoa dela borroka. Era honetan, grebak beharrezkoak direla azpimarratu du. “Sindikatuek gauza berdinak esaten ditugu sarri askotan, baina desberdintasuna borrokarako neurrietan dago; hor kokatu behar da Erresistentzia Kutxaren zeregina”.