Lanbideren irregulartasunak salatu ditu ELAk

2014/03/17
ELAk salatu egiten du aurreko gobernuaren jokabidea, irregulartasunak estali baitzituen. Lanpostuen Zerrendaren proposamenean modu irregularrean emandako postuak jabetzan edo behin-behinekoz eman nahi izan dute.

 

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE/TVCP) bere txostenean agerian utzi du Lanbideren irregulartasunak ugariak eta etengabeak izan direla.

  • Lanpostuen Zerrendarik ezaren eraginez irregulartasunak etengabeak izan dira.
  • Ondorioetako hirutan zera ziurtatu da: prozeduretan ez dira errespetatu berdintasunaren, merezimenduen eta gaitasunaren printzipioak.
  • Postu-horniketarako deialdi guztietan zehaztugabetasuna sumatu da, ez da ezarri irizpideen haztapena, eta balioespen-txostenak ez dira nahiko arrazoituak izan.
  • Kontratuak zuritu gabe aldatu dira.
  • Hainbat motatako kontratazioak egin dira, irizpide jakinik gabe; eta batzuetan, kontratazioa eskatu eta gero, irizpidea aldatu dute.
  • Kontratazio batzuk egiteko jarraitu diren ustezko prozeduren berri ez dugu jakin txostena irakurri arte.
  • Epaitegiak azkenik dio Lanbide Lanpostuen Zerrenda prestatu beharrez dagoela; programak aldi baterakoak eta argiro zehaztuak izan behar direla; eta postu-horniketa arauteria betez egin behar dela.

Bestalde, oso harritzeko modukoa da 2012ko pertsonal-gastuen aurrekontuetan ikustea 750.000 € agertzen direla, euskara-liberazioak ordezteko, eta 675.000 €, bajak ordezteko; gauza jakina baita Lanbideko pertsonalak ez duela baimenik izan euskara ikasteko, (partekatutako ahaleginekin, langileak ez baitira ordezkatzen) Lanpostu Zerrendarik ez zelako aitzakiatan, eta Aldi baterako Ezintasunagatik ordeztu diren bajak hutsaren hurrengo izan direla, baten bat izatekotan.

Txostenean ez da ezer aipatzen 2011ko azaroan, 6 hilabetez, 125 administrari, 25 orientatzaile, eta 4 teknikari kontratatu izanaz, zeregin-pilaketa zela-eta. Horrek pentsarazten digu Epaitegiak ez duela kontratu horien jakiterik izan.

Bereziki azpimarratzekoa da Epaitegiko Lehendakariak emandako boto partikularra:

  • 5 ondorio deuseztatu direla adierazten du, horretarako dokumentazio berririk izan gabe. Eta beste ondorio batzuen idazketa aldatu dela. Egin ez diren lanei buruzko ondorioak sartu direla, eta hori egitea berariaz debekaturik dago Epaitegiak berak jarritako debekuagatik.
  • Epaitegiak bere irizpideak berak aldatu ditu, epaiaz ebatzitako kasuei buruzko balioespenik egiteari uko egitean.
  • Oso garrantzizkoa da, halaber, ikustea nola Epaitegiak uste duen Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren ustezko programa ez dela aldi baterako, ezta egoera jakin batekoa ere, eta horretarako egindako kontratazioak ez direla aldi baterako programa baterako, baizik eta Lanbidek duen eskumen bat garatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoaren Bulegoko zuzendari ohiak, bere alegazioen bidez, ageriko irregulartasun guztiak zuritu nahi izan ditu, zerbitzua abian jartzeko izandako zailtasunak direla-eta. Nahiz eta egindako prozedura guztietarako kondena-epaiak jaso, behin eta berriro tematu da esaten batere irregulartasunik ez dela izan; eta, iritzi hori indartu nahian, dio, gaurko egunean, pertsonal horrek, nork bere postuan, jarraitzen duela. Honek itsukeria gehitzen dio irregulartasunari.

Behin txosten osoa aztertu ondoren, ELAn hurrengo ondorio hauek atera ditugu:

  1. Argi dago aztertu den aldi osoan zehar kontratazio-irregulartasunak egin direla modu sistematikoan.
  2. Lanpostuen Zerrendarik ez egotea aitzakia erabili dute prozedurak hain sakonak eta zehatzak ez izateko, eta langileoi dagozkigun eskubideak ukatzeko.
  3. Badago pentsatzea hasierako txostena aldatua izan dela, Epaitegiaren beraren arauak saihestuz, egokitasun politikoarekin zerikusi handiagoa duten interesengatik, Lanbiden izandako benetako irregulartasunak antzemateko asmoagatik baino. Kontuan hartu behar da, Tribunaleko kideak, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten alderdi politikoek proposatuta aukeratzen dituztela.
  4. Epaitegiak ezin izan ditu aztertu prozedurarik gabeko horniketa guztiak, hau da, “ukondoz” egindakoak, ez baitago haien gaineko agiri-euskarririk.
  5. Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren programa delakoa, ezelako zalantza barik, irregularra eta iruzurrezkoa da; eta, beraz, kontrataturiko bitarteko funtzionarioak postu hutsean kontrataturikoak dira, formalki postu hutsa halakotzat hartu ez bada ere.

Horregatik guztiagatik salatu egiten dugu aurreko gobernuaren jokabidea, irregulartasun horiek guztiak estali baitzituen; areago, sinetsita gaude Lanpostu Zerrendarik ez badago, hala nahi izan dutelako izan dela, postuak arauz kanpo esleitzea errazago izan zedin.

Kontrol Ekonomikoaren Bulegoko zuzendari ohiak bere burua agerian utzi du, epaiak eta guzti irregulartasunik izan ez dela esatean. Gure iritziz haren alegazioak prebarikazioaren ertzetik doaz, epai bidez hutsaldu diren prozedurak guztiz baliozkoak izan direla berretsi baitu. Nolanahi ere, alegazioetan adierazitakoak muzin egiten dio arauteriari, gure ustez. Haren adierazpenak demokraziarako kaltegarri bezain ustelkeriarako sustagarri dira.

Azkenik,

Exijitzen diogu oraingo gobernuari Lanpostu Zerrenda Lanbideri hornitzeko negoziazioa berehala hasteko, horrela exijitzen duen Tribunalaren ondorioekin erabat ados baikaude. Ulergaitza da Urkulluren gobernuak, urte eta erdi pasa eta gero, betebehar hau bete gabe jarraitzea, are gehiago, aurreko legegintzaldian, legebiltzarrean, EAJk tramite hau egiteko 3 hilabeteko epea edukitzea bultzatu zuenean.

Salatzen dugu Lanpostuen Zerrendaren proposamenean modu irregularrean emandako postuak jabetzan edo behin-behinekoz eman nahi izatea. Sententziak esaten duten berdintasun, merito eta gaitasun printzipioak errespetatzen ez dituzten erabaki batzuk egonkortzea ere ulertzaitza da.

Exijitzen dugu postuen esleipena prozedura negoziatu bidez egitea, pertsonal osoari aurkezteko aukera bermatzearren (SEPEtik datozenei, EJko Lan eta Prestakuntza Sailetik datozenei, EGAILANetik datozenei, Lanbide ente publiko zela kontratatu zirenei, eta Lanbide erakunde autonomo dela kontratatu direnei), eta prozesuaren objektibotasuna bermatzearren