ELAk bere babesa eta laguntza ekonomikoa eskaini dio Ziburuko Kaskarotenea Ikastolari
Pasa den irailaren 1ean ezagutzera eman zen Paueko Administrazio Epaitegiaren ebazpenak eta Ziburuko auzapeza agertzen ari den jarrerak irtenbiderik gabeko atakan kokatzen dute Ziburuko Kaskarotenea Ikastola eta bertan ikasten duten hamairu ikasle eta familiak.
Izan ere, iparraldeko gainerako herrietan gertatzen den moduan, Ziburuko Ikastola da bertan irakaskuntza euskaraz burutu ahal izateko aukera bakarra eta inolako alternatibarik ezean guraso hauek ezingo lukete beraien seme-alabentzat aukeraturiko euskarazko eskolatzea gauzatu.
Egoera honetan, ikastolatik egin zaizkion proposamen ezberdinen aurrean, Ziburuko auzapezak oraindik ez du benetako alternatibarik plazaratu ikastolarentzat.
Beste behin ere, legeen interpretazio maltzurrek, epaileen ebazpenek eta politikari batzuen jarrerek iparraldeko beste ikastola baten etorkizuna kinka larrian jartzen dute.
Frantziar estatuak frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekiko duen errekonozimendu eza, Iparraldearen onarpenik eza eta hezkuntza politika tamalgarria medio, ikastolak dira Iparraldean murgiltze ereduaren bitartez euskarazko eta euskal nortasunaren eta kulturaren baitako hezkuntza bermatzen duten ikastetxe bakarrak. Eta errealitate honen aurka egiten dute azken hilabete eta urteetan hartzen ari diren erabakiek.
ELArentzat Iparraldeko ikastolekin gertatzen ari dena orokorrean eta Ziburuko Ikastolaren egoera biziki larria da eta euskararen eta euskal kultura eta nortasunaren aurkako eraso onartezina.
Horregatik, sindikatuak Kaskarotenea Ikastolari eta bertako familia eta langileei bere babesa eta laguntza ekonomikoa eskaintzen die, borrokan jarraitzera animatzen ditu eta Ziburuko Herriko Etxeari eta auzapezari bertako ikastolarentzat alternatiba egoki bat aurkitzea eskatzen die.