Mobilizazioekin jarraitzen dute administrazio orokorreko langileek

2016/03/18
Mobilizazioekin jarraitzen dute administrazio orokorreko langileek
ELA ez dator bat LABekin, honek mobilizaziora jo ordez lehentasuna eman baitio mahai teknikoetan parte hartzeari. Dinamika sindikala mahai hauetan kokatuta luzamendu eta distrakziozko Jaurlaritzaren jokoan erortzen da.

Duela sei urtetik hona murrizketak jasaten ari direla eta Eusko Jaurlaritzak “doikuntza” politikak ontzat ematen dituela salatzeko, ELAk deituta administrazio orokorreko (autonomako) langileek gaur EAEko hiru lurraldeetan elkarretaratzeak egin dituzte. Izan ere, murrizketak hor diraute: 2012ko aparteko paga, gaixotasun bajak, esparru honetan gertatzen ari den enplegu suntsipena… Hori izan da ere B motako lanaldiak bertan behera uzteko saioaren arrazoia, horretarako inongo oinarri-legerik ez dagoelarik, eta administrazioarentzako onurarik ere lortu gabe, baina langileen kalterako.

Bilkuretan salatu da, halaber, gobernu honek eta patronalaren aldeko duen jarrerak enplegatu eta zerbitzu publikoen kontrako kanpainarekin bat egiten duela.

Azken asteetan ELAk gidatutako mobilizazioak areagotu egin dira, plantillan haserrea eragin baitu Eusko Jaurlaritzak B motako lanaldia bertan behera uzteko erabakiak.

Egoera hau ikusirik, Eusko Jaurlaritzak martxoaren 10erako mahai sektoriala deitu zuen, eta B lanaldia kentzeko proposamena erretiratu egin zuen. Halere, ELAk gogoratu nahi du Jaurlaritzaren posizioa ez dela aldatu: azken sei urteetako murrizketetan atzera egiteari uko egiten dio.

Beraz, ELAk ez du LABen erabakia ulertzen, alegia, lehentasuna mobilizazioari eman ordez mahai teknikoei ematea.

Hau hutsegite bat ez ezik argudiorik gabeko apustu bat da. “Garai berri” bat hasiko dela eta mahai horien emaitzen zain egotea, Jaurlaritzaren posizioa, murrizketa politika eta negoziatzeko borondate eza alde batera utzita, ulertu ezineko erabaki bat da.

Dinamika sindikala mahai horietan kokatzea gobernuaren jokoan erortzea da; honek distrakzioa bilatzen du (ez dadin hitz egin murrizketak bertan behera uzteaz eta hitzarmena bete gabe utzi izanaz), baita autonomako langileen desmobilizazioa ere.

ELAk mobilizatzen jarraituko du, ziur baitago, gertakariek frogatzen duten moduan, hau dela biderik egokiena (Jaurlaritzak lanaldian bere politika aldatu badu mobilizazioari esker izan da, ez beste inongo arrazoien ondorioz).

Azkenik, garai berria hasiko bada mobilizazio bizkorragoa eta batasun handiagoa lortuaz izango da, ez itxaropen faltsuak eta desmobilizazioa hedatuta.