ELAk eskatu du desordena publikoaren delituaren aldaketa ez dadila baliatu protesta baketsuak kriminalizatzeko
Zigor Kodea erreformatzeko PSOEren eta Unidas Podemosen lege proposamenak desordena publikoen delituaren aldaketa jasotzen du ere, eta onartuz gero, hiritarron protestarako oinarrizko eskubidea murriztua izan daiteke, proposamen horrek kriminalizazioan urrats berriak baitakartza. Bereziki larria da hori bi alderdiek Mozal Legearen askatasun murrizketak indargabetzeko konpromisoa hartua baitute.
Lege proposamenak terminologia anbiguoa erabiltzen du eta gaur egun delitu ez diren protesta baketsuak delitu gisa kalifikatzea ahalbidetzen du. Eta horrek espetxe zigorrak ekar ditzake. Larderia kontzeptua txertatzeak (pertsonei eta ‘gauzei’) era guztietako interpretazioak egiteko bidea irekitzen du. Orain arte, jokabide bat desordena publikotzat jotzeko indarkeria ekintza bat behar zen izan. Larderia gehitzea eta lokalen inbasioa edo okupazioa delitu gisa sartzea, indarkeriarik barik ere, protesta baketsua kriminalizatzeko urrats berri bat da.
Legea ostegun honetan bertan, abenduaren 15ean, onartuko da Kongresuan. ELAk sedizio delituaren indargabetzea egokitzat jotzen du, baina horrek ez du ekarri behar askatasunen eta gizarte protestarako eskubidearen murrizketarik. Erabaki horren ondorioei buruzko salaketa ugari egon arren, Gobernua osatzen duten taldeek autozuzenketa bat aurkeztu diote hasierako proposamenari. Hasierako testuari beste eranskin bat erantsi diote, arazoaren mamia aldatu gabe.
Testuinguru horretan, ELAk eskatzen du desordena publikoen delituaren aldaketa ez dezaten onartu Espainako Gobernua osatzen duten alderdiek proposatzen duten moduan, eta bide ematea beste talde batzuek aurkeztutako zuzenketei. Horiek saihestu baitezakete herritarren oinarrizko eskubidea den protesta baketsurako eskubidea kriminalizatzea.