EPEaren aurkako lanuzte-deialdiak erantzun ia erabatekoa lortu du Eusko Irratian
Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako langileek ere bat egin zuten lanuzte-deialdiarekin, bi orduko lanuzteak eginez. Radio Euskadiren ohiko irratsaioen ordez musika eman da egunean zehar.
Gainera, “Despidos Eusko Irratia Kaleratzeak” plataformak, eraginpeko langileak batzen dituen plataformak, manifestazio bat burutu du eguerdian Bilbon. ELA —enteko sindikatu nagusia—, Independenteak, ESK eta CCOO izan dira sindikatu dei-egileak. Manifestazioa Moyua plazatik abiatu da, eta gero Arriaga plazan kateko langileek elkarretaratze bat egin dute entzuleekin, irratiko egoeraren berri emateko. Eta horrela amaitu da lanuzte partzialetako astebetea, ekainaren 2an hasitakoa.
Gogora ekarri behar dugu EiTBko Administrazio Kontseiluak 49 lanpostuko EPE bat onetsi zuela, taldeko irratietarako, hurrengo aldeko botoei esker: PNVrena, EH-Bildurena, LABena, Euskaltzaindiarena, Eusko Ikaskuntzarena, eta zuzendari nagusi Maite Iturberena. EPEaren helburua 79 langile “mugagabe ez finkoen behin betiko lan-erregularizazioa” da, Lan Ikuskaritzak legez kanpokotzat jo baitzituen haien autonomo gisako merkataritza-kontratuak 2010. urtean.
ELAren eta eraginpeko langileen iritziz, ordea, enplegu-deialdia baino, ezkutuko EEE bat da, 79 langilerentzat 49 postu eskaintzen baitira, eta horrek 30 postu galtzea dakarkio oraingo langile-zerrendari.
ELAren arabera, EPE bat adostu behar da ordezkaritza sindikalarekin, hurrengo puntu hauek oinarri harturik: lege-prozedurak errespetatzea, euskalduntze-politikak finkatzea, eta beti ere enplegua suntsitu barik. Eta hori ez da inondik inora betetzen iragarritako EPEan.
Azkenik ELAk berretsi du bere apustua gizarte demokratiko baten balioekin engaiatua den EiTB baten alde. “Informazio-politika berraztertu behar da gehiago luzatu gabe, arlo soziala eta herrialde honetako aniztasuna islatzen dituen informazioa bermatze aldera, eta politika ofizialen ordezko aukerak ezagutarazte eta zabaltze aldera”.