Europako Batzordearen planak ez dio krisiari erantzunik ematen, errenta handienei, enpresei eta kapitalari zergak handitu behar zaizkie
Covid-19ak eragindako inpaktuari aurre egiteko Europako Batzordeak maiatzaren amaieran Next Generation EU izeneko plangintza aurkeztu zuen. Europako Batzordeak Batasunaren aurrekontua indartzea proposatu du 2021-2027 aldirako (hau da, 7 urtetarako). Indartze horren barruan kokatzen da Next Generation EU plana, 750.000 milioi euroko zuzkidurarekin. Honakoa da proposamena: 500.000 milioi euro transferentzia edo diru-laguntza gisa eta 250.000 milioi mailegu gisa.
Next Generation proposamenak ez die erantzunik ematen Covid-19aren ondoren bizi dugun osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren ondorioz sortutako beharrei. Arazoen irtenbidea Europako funts horietatik etorriko den itxaropena sortzen ari da. Argi dago hori ez dela horrela izango, ez zenbatekoagatik, ez epeengatik, ez epeen xedeagatik, ezta ekarriko dituzten politiken baldintzengatik ere.
ELAk krisiari aurre egiteko errenta handienek, enpresek eta kapitalak ordaindu beharreko zergak handitzea exijitzen du, aurrekontu publikoak nabarmen handitu ahal izateko. Saihestu egin behar da defizit publikoaren igoerak gerora egiturazko doikuntzak ekartzea. Horrek zerga-politikaren erabateko aldaketa dakar. Kapitalen mugimenduei zerga handia ezarri behar zaie ere, baita paradisu fiskalen erabateko desegitea eta ihes fiskalaren gaineko kontrol handiagoa ere.