Argentina

ELAk Argentinako lider sozialen aurkako jazarpena salatu du eta elkartasuna adierazi dio Federico Giulianiri

2025/11/11
ELAk Argentinako lider sozialen aurkako jazarpena salatu du eta elkartasuna adierazi dio Federico Giulianiri
ELAk Federico Giuliani Argentinako lider sindikal eta gizarte borrokalariaren bisita jaso du azaroaren 11n. 2025eko azaroan eta abenduan Euskal Herrian da, Errefuxiatu eta Jazarpen Politikoen Programa batean parte hartzera gonbidatuta. Bilera eta elkarrizketaz betetako agendarekin, Giulianik Argentinan bizi den egoera larria eta Latinoamerikako faxismoaren gorakada arriskutsua salatu nahi ditu. Gainera, protesta sozialaren kriminalizazioa eta herri borrokalarien judizializazioa ikusarazi nahi ditu, ez bakarrik Javier Mileiren eskuin muturreko gobernuaren aldetik, baita gobernu federalen aldetik ere.

Giuliani Cordoba Estatuko Langileen Elkarteko (ATE) eta Cordoba Argentina Autonomoko (CTAA) Langileen Zentraleko idazkari nagusia da. ELArekin izandako bileran, Giulinik Argentinako langile klaseak, pobretze prozesu historikoan murgilduta, bizi duen egoera zailaz hitz egin du. Gainera, bere probintzian eta Argentinan ematen den protesta sozialaren kriminalizazio-prozesuei buruz hitz egin du, zoritxarrez bertatik bertara ezagutzen baititu.

Federico Giuliani hainbat aldiz inputatu eta atxilotu dute, eta gaur 7 auzi ireki ditu gosearen eta lan-prekarietatearen aurkako protestekin lotuta, Mileiren militantziaren aurkako jazarpen politiko eta ideologikoaren kasu nabarmena. 2025eko abuztuan, Kordobako Udalaren aurrean egindako protesta batean bortizki atxilotu zuten. Bertan, jantoki herrikoietarako intsumoak eskatzen zituen. Errepresioan, besoan haustura bat izan zioten, eskuburdinak jarrita eta inkomunikatuta eraman zuten, eta tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen.

Bileran, ELAk elkartasun osoa adierazi dio Federico Giulianiri. Baita justizia sozialaren alde borroka egiteagatik Argentinan jazarpena eta errepresioa jasaten duten pertsona guztiei.