ELAk nabarmendu duenez, benetako berdintasuna iristeko Nafarroa plural eta anitzaren hizkuntz-eskubideak babestu behar dira
ELAk gogoratu nahi du euskara nafar guztien ondarea dela, euskaldun zein ez euskaldunena. Guztion ondasuna izanik, guztion eskura egon behar du. Euskaraz egiteko eskubideak aitorpen orokorra behar du, eta inork ezin dio mugarik jarri, gaztelaniari ere ezartzen ez zaizkion bezala.
Hizkuntzen arteko desberdintasuna oso handia da, eta eguneroko bizitzan sekulako oztopoak izan ohi dira euskara erabiltzeko, baita eremu euskaldunean ere; kontrakoa gertatzen da gaztelaniarekin: bere erabilera Nafarroa guztian bermatuta dago, arlo publiko eta pribatuan. Oraindik ere diskriminazioa eta eskubide gabezia pairatzen dute herritar elebidun-euskaldunek.
Biharko manifestazioa deitzen duten erakunde, alderdi eta sindikatuen ideologia eskuindarra da, eta Nafarroari buruzko ideia bakar eta monolitikoa dute; honen aitzindari dira UPN, PP eta CEN, baina pentsamolde hau aspaldidanik asimilatu dute PSNk eta UGTk ere.
Adostasun horretaz gainera, azken 25 urtetan hizkuntz-politika jakin bat bultzatu dute, euskararen mailakako normalizazioa eragozte aldera. Sustapen ezaren, oztopoen eta are erasoen poderioz herri-administrazioaren jarduna ez zaio egokitu errealitateari, nafarren artean euskara gero eta gehiagok ezagutzen dutela.
Eta errealitate horri manifestazioaren deitzaileek ezin diote muzin egin. Nafar euskaldunen portzentaje gero eta handiagoa, eta hauei zor zaizkien eskubideak, ezin dira baztertu eta urratu. Hizkuntza gutxituen Karta europarrak betebehar hau gogoratzen du, baina deitzaileak tematu egiten dira hura ukatzen.
Manifestazioaren antolatzaileek euskararen aurkako hainbat kritika bota dute (areago, bozeramaile batek aniztasun kultural eta funtzionalaren aurka egin du), eta esaten dute ardura sindikala dagoela esaterako Kontratu Publikoen Legean edota hizkuntza propioei buruzko administrazioaren dekretuan.
Gogor jo dute dekretu horren kontra; haatik, nahikoa ez bada ere, euskararen erabilpenari dagokionez aurrerapausoa izan da. “Ateak ireki eta aukerak baliatu” logikaren arabera dekretuaren alde egin duen sindikatu bakarra izan gara, ziur baikaude Nafarroak hizkuntz-normalizazioan sakontzeko aukera gutxietako bat dela. Halaber, Kontratu Publikoen Legearen alde ere agertu gara; lehenengoz aipatzen da baldintza-agirietan euskara, baina kritikarik merezi badu izango da hizkuntz-eskubideekiko konpromisorik ez duelako jaso.
Horregatik, ELAk dei egiten die euskararen aurkako manifestazioa deitu dutenei, eta babesa eman dieten alderdi eta sindikatuei hausnar dezaten eta beren indarrak balia ditzatela (orain arte ez bezala) berdintasunezko etorkizun baten alde lan egiteko, non herritar guztien eskubideak aintzat hartuko diren eta onar dezatela Nafarroa gero eta pluralagoa eta anitzagoa dela.