ETXEBIZITZA

ELAk EAJk eta PSEk proposatutako neurriak atzera botatzea eta gastu publikoa BPGren %2ra igotzea proposatu du

2025/10/27
ELAk EAJk eta PSEk proposatutako neurriak atzera botatzea eta gastu publikoa BPGren %2ra igotzea proposatu du
EAJk eta PSEk, gehiengoa dutenak Eusko Legebiltzarrean, Etxebizitza Arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea 2025. urtearen amaierarako onartzea espero dute. Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak prentsaurrekoan gogorarazi duenez, "etxebizitza espekulaziozko ondasun bihurtu da", eta Eusko Jaurlaritzak izapidetu nahi duen legeak ez dio egungo egoerari erantzuten.

Horregatik, eta Azterketa Bulegoak lege hori aztertzeko gaur hedabideen aurrean aurkeztutako dosierrean oinarrituta, Murgiak eskatu du proposatutako neurriak atzera botatzea eta gastu publikoa BPGren % 2ra handitzea. "Diru publiko gehiago eta neurri gehiago behar dira etxebizitza pertsona guztientzat eskuragarri izan dadin, hau da, eskubide bat izan dadin". Adibidez, hutsik dauden 45.000 etxebizitzak alokairurako mobilizatzea, erabilera turistikoko etxebizitzak eta aldi baterako alokairuak mugatzea eta kontrolatzea, EAE osoa tentsio-eremu deklaratzea salbuespenik gabe, eta etxebizitzaren gehieneko alokairu indizea sortzea, besteak beste.

Gabezia larriak eta ondorioak

Alde batetik, ELAko Azterketa Bulegoko Janire Landaluzek oso larritzat jo du legeak jasotzen duen honako asmoa: promozio berrietan eraiki beharreko etxebizitza babestuen ehunekoa %75etik % 60ra txikituko da. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren neurriarekin, lurzoruaren % 15 gutxiago bideratuko da etxebizitza babestura. Neurri hori enpresen interesen mesederako dela adierazi du.

Gainera, DSBEaren araudiaren xedapen bat blindatu nahi da lege berriarekin, kolektibo ahulenak DSBE jasotzetik kanpo uzteko. Izan ere, DSBE jasotzeko, jabetza edo alokairu baten titular izan beharko da, eta, beraz, titular ez direnak DSBEtik kanpo geratuko dira.

Tentsio eremuei dagokienez, Landaluzek salatu du eremu horietan aplikatuko diren neurriek eragin oso txikia izango dutela. Kasurik onenean, etxebizitza gutxi batzuen alokairu-prezioak izoztuko dira, baita egun prezio neurrigabeak dituztenenak ere. Hori horrela izanda, ez da aukera aprobetxatuko 2023ko Estatuko legearen gabeziak konpontzeko. Era berean, Landaluzek gaitzetsi egin du Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak berandu bidali dutela alokairuaren gehieneko prezioen indizea finkatzeko behar den informazioa.

Eusko Jaurlaritzaren lidergo falta

Bestalde, Aitor Murgiak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela etxebizitza politika zuzentzen, eta eskumenen esparrua aitzakiatzat erabiltzen du neurri eraginkorrak ez hartzeko, nahiz eta horretarako eskumen osoak eduki. “Horren adibide da Udalen esku uzten duela tentsio eremuen izendatzea, hutsik dauden etxebizitzengatik aplikatu beharreko kanonak edo etxebizitza turistikoak mugatzea". Gainera, bere ustez, gazteentzako etxebizitza erosteko abalak edo etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko neurriak interes pribatuak eta espekulazioa betikotzeko besterik ez dute laguntzen, etxebizitza lortzen lagundu beharrean.

ELAk egoera horri buelta emateko etxebizitzaren arazoari osotasunean heldu behar zaiola eskatu du, eta horretarako ezinbestekoa da:

  • Etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea eta prestazioen alternatibari amaiera ematea.

  • Eraikitzen den etxebizitza babestu guztia alokairuzkoa izatea.

  • Etxebizitza-gastu publikoa handitzea, gutxienez BPGaren % 2 modu iraunkorrean bideratuz.

  • EAE osoa tentsio-eremu izendatzea, salbuespenik gabe, eta etxebizitzaren gehieneko alokairu-indizea sortzea.

  • Hutsik dauden 45.000 etxebizitzak alokairurako mobilizatzea.

  • Etxebizitza eraikitzeko eredu publiko baterantz aurrera egitea eta erabilera turistikoko etxebizitzak eta aldi baterako alokairuak mugatu eta kontrolatzea.