Edesa Industrialek etorkizunik izango badu egitasmo serio, errealista eta gardena behar du
Iritzi publikoari saltzen zitzaion irudiak ez zeukan zerikusirik enpresaren benetako egoerarekin; erakundeak zuzendaritzaren jarrera babestu dute. Orain, beste behin ere, Tapia sailburuak harridura eta haserre plantak egiten ditu herritarren aurrean, enpresak konkurtso-aurrekoa eskatzean.
Jokabide bera agertu izan du Tapia sailburuak azken urteotan beste enpresa batzurekin ere. Esaterako, Arcelor Mittalek Zumarragako lantegia ixteko erabakia iragarri zuenean. Erabaki traumatiko hura zela eta, sailburuak hitz gogorrak bota zituen, baina handik hilabete gutxi barru Sestaoko ACB bisitatu eta enpresa goraipatu zuen hedabideen aurrean. Industria sailak berak duela gutxi Kadaguako Cel Taldearen jabegoari uko egin dio, enpresak konkurtsoa eskatu baino egun batzuk lehenago.
Industria sailburuaren asmo bakarra, gure herriak pairatzen duen desindustrializazioa ikusirik, bere irudia zaintzea da; propagandak estaltzen ditu bere emaitza hutsalak.
ELAk Euskal Herriko iritzi publikoari bere kezkaren berri eman nahi dio, Fagor-CNA proiektuaren xede bakarra agian baitzen kooperatiba taldeak Fagor Electrodomesticos likidatu zenean izan zuen egoera zaila gainditzea. Proiektu honen gardentasun ezak hipotesi hau indartzen du; beraz, agian hasieratik proiektuak ez zeukan irtenbiderik.
Edesa Industrialek proiektu serio, errealista eta gardena behar du; horregatik, ezinbestekoa da egungo egitasmoa goitik behera aldatzea. ELAk defenditu egingo ditu lanpostuak (baita jasotako promesak gorabehera birkokatu ez dituztenenak ere) eta gure jendearen lan-baldintzak; CNA-Fagorren zuzendaritza, MCC eta Gasteizko gobernuak proiektu industrial berria babestera behartuta daude.