ELAk salatzen du Funtzionarizazio Legea indargabetzea Nafarroako eskuduntzeen aurkako eraso hutsa dela
ELA sindikatuak salatzen du Funtzionarizazio Foru Legearen (19/2013) indargabetzea Nafarroako eskuduntzeen aurkako eraso hutsa besterik ez dela. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak berak aitortzen duen bezala, Nafarroak eskuduntza osoa dauka euren langile publikoen aferetan. Hala ere, PPren helegiteak -Nafarroako Gobernuak eraginda-, arrakasta lortu du, eta 2013tik izandako funtzionario bihurtzeko prozesu guztiak bertan behera uzten ditu, tokian tokiko administrazio askoren lan-kontratatuen kalterako.
Ebazpenak prozesu honek “merezimendu eta gaitasun oinarriak” urratzen dituela dio, baita “Administrazioan berdintasun baldintzetan sartzeko eskubidea” ere. Hori ez da egia, legeak berak funtzionario bihurtzeko aukera mugatzen baitzien oposizioak gaindituriko langileei.
Gauzak horrela, ehunaka lan-kontratatuen egoera kolokan geratzen da, eta defentsarik gabe daude balizko murrizketa baten aurrean: PPren lan erreformaren ondoren, administrazio guztiak lan-kontratatu finkoak kalera ditzakete (funtzionarioei ezin badiete oraindik aplikatzen ere).