NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

ELAk exijitzen du euskal hitzarmenak estatukoen gainetik lehenesteko bidea berriro abiatzea

2024/01/10
ELAk exijitzen du euskal hitzarmenak estatukoen gainetik lehenesteko bidea berriro abiatzea
Erreforma ez da aurrera atera dekretu berberean beste gai batzuk barnebiltzen zirelako, murrizketak barne. ELAren ustez, hemen sinatutako hitzarmenek lehentasuna izatea euskal langileen urteetako borroken eta greben ondorio zen eta, horregatik, EAJ eta EH-Bilduri Espainiako Gobernuarekiko ezinbesteko elementu izaten jarraitzea exijitzen die.

Espainiako Gobernuak lan alorrean egindako aldaketak dekretu bidez eta gai asko nahastuta gauzatu nahi izan du eta Podemos alderdiaren aurkako botoaren ondorioz, besteak gai batzuen artean, Hego Euskal Herrian sinatutako akordioek lehentasuna izatea bertan behera geratu da. Dekretu horrek ELAren ustez onartezina zen murrizketa bat zekarren: 52 urtetik gora langabezia sorospena jasotzen zuten langileen kotizazioetan (%125etik %105era murriztea).

Murrizketen aurkako jarrerak Hego Euskal Herriko langileentzat oso garrantzitsua den neurria bertan behera uztea ekarri du, Espainian sinatzen diren hitzarmen txarrak Euskal Herrian hobetzeko aukera hain zuzen. Espainiako Gobernuak neurri ezberdinak dekretu bidez nahastuta izapidetzeko ohitura antidemokratikoa du; horrek dekretua bere horretan, aldaketarako aukerarik gabe, onartu ala gaitzestea dakar. ELAk EAEko eta Nafarroako hitzarmenek lehentasuna izatea berriz ere eztabaidatu dadila exijitzen du eta ez dadila bestelako neurriekin nahastu, are gutxiago murrizketekin.

ELA asko poztu zen gai honetan EAJk euskal langileen aldarrikapenei entzun izanagatik eta Espainiako Gobernuarekin izandako negoziaketetan Euskal Herriko langileen lan baldintzei lehentasuna ematagatik. ELAk argi du hori hala gertatu zela azkeneko hamarkadan ELAk eta euskal langileek egindako borroka eta grebengatik. Aurrerantzean, Espainiako Gobernuarekin dauzkaten harremanetan, EAJrentzat eta EH Bildurentzat euskal lan-hitzarmenen lehentasuna ezinbesteko gai izan dadila exijitzen du eta, hala izan ezean, mobilizazioak eta grebak antolatzeko bere prestutasun osoa azaldu nahi du.