ELAk eskatzen die Urkulluren eta Barcinaren gobernuei murrizketa berrien aurka argi eta garbi agertzeko

2014/07/23
Datorren astean bilduko da Madrilen Politika Fiskal eta Finantzarioaren Kontseilua, non bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak partaidetza duten. Rajoyren gobernuak 255 balizko murrizketen zerrenda bat prestatu du, eta prestaketa horretan autonomia-erkidegoek ere parte hartu dute. Zabaldutako informazioaren arabera aipaturiko zerrenda prestatzeko jarraitu den prozedurak anonimotasuna bermatuko du, hots, murrizketak proposatu dituzten erkidegoen anonimotasuna.

Proposamen horien bidez “lagundu” nahi diete autonomia-erkidegoei defizita gutxitzen eta PPko gobernuarekin itundutako zor publikoaren ordainketari lehentasuna ematen.

Horren aurrean, ELAk:

  • Aurkezturiko proposamenen larritasuna azpimarratu nahi du. Murriztutakoa berriro murriztea da kontua, zerbitzu publikoak are gehiago narriatzea, eta desberdintasuna larriagotzen duten politikak bultzatzea (osasun-koordainketaren neurri gehiago, irakaskuntzaren ratioak handitu, bekak eta hezkuntza-baliabideak gutxitu, eta sektore publikoko langileen eta enpleguaren baldintzak okertu).
  • Exijitzen die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari azaltzea ea parte hartu duten prozesu horretan, eta ea proposamenik bidali dioten Rajoyren gobernuari aipaturiko murrizketak gauzatzeko. Edonola ere, autonomia-erkidegoetako gobernuei eskainitako anonimotasun-bermea zuritu ezinezkoa da ikuspegi demokratiko batetik.

ELAk eskatzen die Urkulluren eta Barcinaren gobernuei murrizketa berrien aurka argi eta garbi agertzeko. Proposatu diren neurrien larritasuna ikusita, isilik geratzea modu bakar batez ulertu daiteke: Gasteizko eta Iruñeko gobernuentzat hobe da Madrilek erabakitzea, oinarrizko legeria bidez, gero honela argudiatu ahal izateko: “beharturik gaude neurri horiek aplikatzera”. Jarrera hori hipokrita dela esango genuke, zeren egiatan den-dena adosturik dago.

ELArentzat, politika hori onartzea da, batetik, autogobernuari uko politikoa egitearen parekoa, eta bestetik, funtsean PPren neurriekin bat egiten duen jarrera politikoa adieraztea.

Elkarrizketa soziala eta politika neoliberalak bateraezinak direla ELAk dioenean zera esan nahi du: zenbait sindikatu gobernuarekin eseri orduko, funtsezko politika guztiak erabakita daude.