ELAk bere elkartasuna helarazi nahi die atzo Parisen hildako hamabi pertsonen senide eta adiskideei
ELAk bere elkartasuna helarazi nahi die atzo Parisen hildako hamabi pertsonen senide eta adiskideei. Lagun hauen hilketa erabat gaitzetsi beharrekoa da.
Heriotza hauek adierazpen askatasunaren aurkako atentatua dira; askatasun hau pertsona eta talde guztiei dagokien balio eta oinarrizko eskubidea da, edozein dela ere beren jatorri, pentsamolde politiko edo erlijioa. Eskubide unibertsal hau baiestearekin batera doa, ELAren ustez, fanatismo ororen aurkako jarrera, nola mendebaldearen etsai hala islamofoboa.
Nolanahi ere, ELAk uste du Europar Batasuneko eta bere kide diren estatuetako arduradun politikoek aintzat hartu beharko lituzketela gutxienez bi kontu politiko, hauek leuntzen baitute ideologia eta talderik erreakzionarioentzako bidea.
Batetik, politika ekonomiko neoliberalak txikitzen ari dira kohesio soziala, eta desberdintasun eta langabeziaren hazkunde itzela eragin dute; aldi berean, pobrezia eta protesta soziala kriminalizatzen ari dira, eta segurtasun politikak zorroztu egin dituzte.
Bestetik, nazioarteko politikan XXI mendearen une honetan ere sustrai koloniala nabari da oraindik. Munduaren zati handi batek ikusten du bloke atlantikoaren hegemonia politiko, militar, komertzial eta ekonomikoa bortizkeria handiz eraiki zela iraganean, eta gaur ere hala eusten zaiola. Horren adierazgarri da Aliantza Atlantikoaren jokabidea Sirian, Afganistanen, Libian edo Malin.
ELAk dei egiten die bere afiliatu guztiei esparru guztietan, bereziki lan munduan, aurre egin diezaioten ideologia faxista modu orori, giza-eskubideak urratzea legitima dezakeen edozein jarrerari.