La Asunción Klinikan sei urte daramate hitzarmena berritu gabe

2016/11/10
La Asunción Klinikan sei urte daramate hitzarmena berritu gabe
ELA eta LABek elkarretaratzea deitu dute gaur eguerdian Asuncion Klinikako langileek sei urte daramatzatela hitzarmena berritu gabe salatzeko. Lan baldintzak modu egonkor eta iraunkor batean bermatuko dituen enpresa hitzarmen propio bat eskatu dute Tolosan egindako elkarretaratze batean.

ELA eta LABen atal sindikalen oharra:

Adar-jotzea dirudi La Asunción Klinikak “Desberdintasunak Osasunean” lelopean jardunaldia ematea, bere 311 langileek, gure lan berdina egiten dutenekin aldenduta desberdintasun horiek pairatzen ditugun lehenak garenean. Gainera desberdintasun hauek geroz eta handiagotzen doazenean, 6 urtez, hitzarmenik gabe, soldata izoztua eta lan baldintzen galera gertatzen ari den heinean. Hori azken urteetan, Eskualdean Ospitale publikorik ez egoteagatik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Klinikarekin duen kontzertua areagotu egin duen arren.

Urte hauetan zehar Klinikako Zuzendaritzarekin negoziatzen saiatu gara gure lan baldintzak modu egonkor eta iraunkor batean bermatuko dituen enpresa hitzarmen propio bat lortzearren.

Aldiz, enpresako Zuzendaritza ez dago Madriletik etorritako lan erreforma desberdinek eskaintzen dizkioten erremintak erabiltzeari uko egiteko prest, langileen egoera okertzearen truke lan etekinak handitzea baita bere funtsa.

Egoera larri honen aurrean, langileok ezin gara geldirik geratu, betetze bermedun eta lan erreformaren aplikazioaren mehatxurik gabeko hitzarmen bat nahi dugu, behin betiko 6 urte hauetan pairaturiko soldata izozketa eta lan baldintzen okertzearekin amaituko duena.

Hau guztiagatik, gure egoera eskualdean gizarteratzeko eta Klinikaren Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babes eta oniritziarekin, mantentzen duen egoskorkeriarekin bukatu nahian mobilizazioekin jarraituko dugu, egoera honekin bukatuko duen hitzarmen duin bat lortzeko.