PALESTINA - GURE HAURRAK ERE BADIRA
ELAk bat egiten du urriaren 25ean Bilbon deitutako mobilizazio egunarekin

Gure Haurrak Ere Badira ekimenak mobilizazio eguna antolatu du urriaren 25erako Bilbon. ELAk dei egiten dio hezkuntza komunitateari eta gizarte osoari Palestinari elkartasuna adieraztea helburu duen ekimen honetan parte hartzera. Eguneko ekimen nagusia 17:30tan Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioa izango da.
Herri ekimen honek euskal erakundeei genozidioa berehala amaitzeko neurriak hartzeko eskatu nahi die, eta Israelgo Estatu sionistarekin harreman oro etetea; politiko, diplomatiko, ekonomiko, kultural... Izan ere, ekimenak azpimarratzen duenez, “min hau gure bihotzetan sartzen da: gure haurrei gertatzen ari zaiena ikustean, gure gorputzak urrundik ere min hartzen dutela sentitzen dugulako, eta gizateriaren porrot ikaragarria dela ohartzen gara”.