Zaintzak gaixotasuna dakarrenean
Ez dira kasu bakanak, ez eta gainkarga une puntualak ere. Izan ere, eredu jakin baten eraginez gertatzen baitira egoera horiek; hain zuzen, Aldundiek, Udalek eta hauek azpikontratutako irabazi asmoko enpresek bultzatu duten ereduaren eraginez. Honek halabeharrez eragiten du beharginak gaixotzea. Zergatik? Langile batek laguntza beharra duen egoiliar mordo bat artatu behar duenean zaintza beraren kalitateari kalte egiteaz gain langileen gorputz eta buruan ere eragin zuzena duelako.
Akidura, min fisiko kronikoa, antsietatea, estresa eta insomnioa: Hauxe da eguneroko errealitatea lan-zentro askotan. Baja medikoak, ematen badira, berandu iritsi ohi dira; berandu osatzen dira ere haiek eragindako hutsuneak, edo ez dira osatzen, eta horrek lantaldeko beste kideek jasaten duten karga areago handitzen du. Eguneroko kontuak ditugu hauek sektorean, non erritmoari eutsiz gero kasu askotan beharginak hausteko arriskua duen. Hala ere, erakunde, patronal eta enpresek ez dituzte beren ardurak aintzat hartzen.
Urtetan errealitate hori azaldu izan digute zaintza-lanaren berezko zerbait balitz bezala, bizia sostengatzeko lana eginez gero derrigorrezko "ordainsaria". Haatik, arazoa ez da lana bera, baizik hau antolatzeko modua.
Ratioaren aitzakiarekin sistemaren gabeziak ezkutatu nahi dituzte: atseden gutxiegi, lan-gainkarga, lan-erritmo handiegia eta zenbait unetan, esaterako gauean, egoera guztiz zaurgarriak, zeintzuetan langile defizita are nabarmenagoa den.
Zaintzaz mintzatzen dira, baina euren ereduak lantaldeak murrizten ditu, zerbitzuak kanporatu eta ez du zaintza duinik, ez lan-baldintza segururik bermatzen. Eta horrela gero eta langile gehiagok amore ematen du. Gero eta profesional gehiagok uzten du sektorea. Baja medikoen kopuru hazkorrak adierazten du arazo bat dagoela, hau normalizatu nahi izan den arren: sistema honek martxan jarraitzen badu da hura sostengatzen dutenen osasunaren lepotik.
Lan-Osasunaren Egunez kanpaina eta adierazpenetatik harago joan beharko litzateke. Ardurak hartu behar dituzte zaintza-politika taxutu behar dutenek eta hori kudeatzeko diru publikoz azpikontratatutako enpresek. Aitortu beharra dago egungo zahar-etxeen eredua murritzegia ez ezik kaltegarria ere badela.
Badago zeri heldu: Lantaldeak sendotu, lan-kargak arindu, atseden-tarte egokiak ziurtatu... Arrisku psikosozialen ebaluazioetan behin eta berriz aipatzen dira hartu beharreko neurriak, baina oraindik ere aplikatu gabe daude.
Ez dago kalitatezko zaintzarik zaintzaileek ezinean badihardute.
Higadura ezin da gauza normaltzat hartu.
Sektore honetan lan-osasuna babestea premiazkoa da. Ondo zaintzea posible izan dadin baldintzak sortu behar dira.