arabako esku hartze soziala

Arabako esku-hartze sozialeko sektoreak greban jarraitzen du hitzarmen duin baten alde

2026/02/04
Arabako esku-hartze sozialeko sektoreak greban jarraitzen du hitzarmen duin baten alde
Asteazken honetan, otsailak 4, Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko langileak ELAk, LAB, CCOO eta ESK sindikatuekin batera deitutako bi greba egunetako lehenengora deituta daude.

Goizean, elkarretaratzea egin da Arabako Foru Aldundiaren aurrean, 11:00etan, eta arratsaldean, manifestazio-kalejira egingo da 18:00etan Bilbao Plazatik abiatuta. 

Mobilizazioa negoziazio testuinguru batean kokatzen da, eta negoziaketa irekita egon arren, funtsezko aurrerapausorik gabe jarraitzen du. Sektoreko IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu zenetik hamaika hilabete igaro dira, eta sindikatuek adierazi dutenez, emandako urratsak “oso txikiak” izan dira. Sindikatuek 28 proposamenez osatutako plataforma bat helarazi diote patronalari, eta proposamen horietatik 10ek ez dute kostu ekonomikorik. Joan den urtarrilaren 29ko mahaian, AISAk berriro adierazi zuen zaila dela gure helburua pixkanaka lortzea, hau da, lan-baldintzak sektore publikoko lan-baldintzekin parekatzea, eta argi utzi zuen hori ez dela bere helburua: epe laburrean akordioak lortzea eta negoziazioa gehiago ez luzatzea du helburu. 

Sektore publikoarekiko soldata eta lan baldintzen arrakalak oso esanguratsuak dira oraindik. Horregatik, langileen aldetik, progresiboki aurrera egitea sektoreko mila langile baino gehiagoren lana duintzeko neurri zehatzekin konbinatuko duen estrategia baten aldeko apustua egin da. 

Langileek bidezko soldata-igoerak eskatu dituzte, lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzeko bidean aurrera egiteko.

Negoziazio-mahaian norabide horretan aurrerapausorik ematen ez den bitartean, sektoreko itzultzaileek grebak egiten jarraituko dute.