Hezkuntzak IRALEren inguruan emandako azalpenak ELAren kezka areagotu du
Euskararen egoera larria dela aitortzen duen bitartean, euskalduntzerako tresna garrantzitsu bat desagerrarazi nahi du Hezkuntza Sailak. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak ez ditu ardatz izango irakasleen euskarazko ezagutza hobetzeko, euskal kulturaren transmisioa lantzeko, trebakuntza soziolingistikoa jasotzeko zein erabilera diglosikoa gainditzeko ezinbesteko prestakuntza eta ahalduntzea. IRALEren ustezko “berrantolaketa”, ardatz hau desagertuko dela adierazteko eufemismo bat baino ez da. ELAk salatzen du nekez lortuko dela ikasleak hiztun oso bilakatzea irakasleak beraiek hala ez badira.
40 urtez martxan egon den programa izan da IRALE. Urte luze horietan programaren helburua irakasleak euskalduntzea, haien hizkuntza gaitasuna hobetzea eta euskal kulturan murgildu eta ahalduntzea izan da. Helburu hori lortzeko hainbat tresna aurreikusi izan dira, horietan garrantzitsuenetakoak R modalitateko formakuntza trinkoak.
R modalitateko ikastaroen bidez, ikasturtero ehunka irakaslek beren jatorrizko ikastetxea utzi eta beren burua gaitzeko eta ahalduntzeko aukera zuten. Ondoren, irakasle horiek jasotakoaren transmisore eta bultzatzaile bihurtzen ziren beren ikastetxeetan. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioaren katea osatzen zen horrela.
Hezkuntza Sailak, aldiz, kate hori eten egingo dela adierazi du gaur. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren sorreraren aitzakiapean, 40 urtez aitortutako tresna eta eskubidea deuseztatu nahi du. Erabakiaren atzean ikasturteroko liberazioen ordezkapenak aurrezteko helburua ere badagoelakoan gaude, euskararen, langileen eta ikasleen kaltetan bada ere. Beste behin ere irizpide ekonomizista hutsa lehenetsiko du.
Euskararen egoera larria da: erabilera beherantz doa etengabean eta baita berarekiko atxikipena ere. Errealitate hori iraultzeko ezinbestekoa da ikastetxeetako baliabide eta ahaleginak biderkatu eta gaia lehen lerroan jartzea. Alegia, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak proposatutako lan-ildoak beharrezkoak dira, baina, horrekin batera, baita irakasleak euskaran ardaztu daitezen formatzen jarraitzea ere.
ELAk neurri gehigarriak beharrezkotzat jotzen ditu. Baina, beti ere, aurrekoak osatzeko eta indartzeko helburua badute eta beharrezko inbertsioaz horniturik badatoz. Kasu honetan, ELAk uste du baliabideen ordezkatze bat egin nahi duela Sailak, irakasleei zuzendutakoak desagerrarazi, beste zer egin batzuetara bideratzeko.
Ondorioz, IRALEren R formakuntzen desagerpena oso larria litzateke. Horrela adierazi dute hainbat aditu eta euskaltzalek eta hori uste du ELAk ere. Euskarak neurri eta baliabide guztiak behar ditu eta horren alde borrokatuko dugu. Uste dugu badirela kezka hau partekatzen duten beste sindikatu eta eragile batzuk ere. Horiekin lan egingo du ELAk egoerak eskatzen duen erantzuna artikulatzeko.