ELAk epaitegietara eraman du Nafarroako Enplegu Zerbitzua, UGT, CCOO eta CENi helarazten dion dirulaguntzen sarea

2016/04/25
ELAk epaitegietara eraman du Nafarroako Enplegu Zerbitzua, UGT, CCOO eta CENi helarazten dion dirulaguntzen sarea
Mitxel Lakuntzak (ELAko Nafarroako koordinatzailea) laburbildu duen bezala “UGT, CCOO eta CENen aldeko sare hauei, kalean egin behar zaie aurre, eta orain baita epaitegietan ere, ez barrutik; Nafarroako Zerbitzu Publikoan sartzea, momentuz 2016an aurrera doazen fraudezko dirulaguntza hauek legitimatzea izango litzateke”.

ELAk, helegitea aurkeztu du Nafarroako administrazioarekiko auzien lehen epaitegian, 2015ean SNEk eta UGTk sinaturiko hitzarmen bat baliogabetzat aurkezteko eskatuz, 1.642.033 euro ustez fraudez erabili izanagatik. SNEren dirulaguntzen politika epaitegietan tratatuko den lehen aldia izango da eta horretarako ELAk eskatu du ekintza honetako arduradun politiko eta sindikalek deklaratzea: Aurreko gobernuko Ekonomia kontseilaria (UPNko Lourdes Goicoechea), SNEko aurreko bi zuzendariak (Maribel Garcia Malo, gaur UPNko parlamentaria eta Imelda Lorea), gaur egun SNEren arduraduna (Paz Fernandez) eta dirulaguntzak eman ziren garaian UGTko idazkari orokorra (Javier Lecumberri). Testigu bezala instruktoreak, inspektoreak eta SNEko teknikariak ere egongo dira. Helegitea, tramitean onartua izan da.

Epaitegian aurkezturiko helegite honekin, ELAk formakuntzarako dirulaguntzen sare osoa salatu nahi du, UGT, CCOO eta CEN patronalak parte hartzen duten sare osoa, baina juridikoki begira, errekurtso bakarra aurkeztu du (zenbateko ekonomiko handiena daukan dirulaguntza eta sindikatu nagusienari emandakoa). Hala ere, hitzarmen hau legez kanpokoa dela adierazten bada, Nafarroako Gobernuak koherentea izan beharko luke eta 2015ean sinaturiko hitzarmen guztiak baliogabetu beharko lituzke (5,5 millioi euro) eta 2016koak bertan behera utzi (aurrekontuetan antzeko zenbatekoa daukatenak baina exekutatu gabe daudenak). Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek gaurtik bertatik neurri hauek exijitu beharko lituzkete.

Epaiketa honek erakutsiko du, UGT, CCOO eta CENen finantziazioa, gutxienez azken 20 urteetan, klientelazkoa, antidemokratikoa eta diru xahutze bat izateaz gai, 2015etik aurrera legez kanpokoa ere badela. Izan ere, 2015ean Estatuan Lege bat onartu zen enplegurako formakuntza guztia lehiaketa publikora ateratzera behartzen duena. Nafarroa da estatuko erkidego autonomo bakarra obligazio horri muzin egin diona, Foru Parlamentuan beste lege bat onartuz (UPN eta PSEren aldeko bozkekin eta I-E eta PPren abstentzioarekin), “AD HOC” diru laguntza hauek eman ahal izateko. ELArentzat oso larria da Uxue Barkosen Gobernuak jokatzeko modu hau bere egin izana eta Sindikatu honek egindako auzi helegiteen erantzunetan dirulaguntzak zuzenak izan direla justifikatu izana.

Orain, inoiz baino gehiago, argi geratu da Nafarroako Enplegu Zerbitzua (SNE) %100ean publikoa izango den erakunde baten bilakatzeko beharra, formakuntza zuzenean emango duena. Mitxel Lakuntzak (ELAko Nafarroako koordinatzailea) laburbildu duen bezala “UGT, CCOO eta CENen aldeko sare hauei, kalean egin behar zaie aurre, eta orain baita epaitegietan ere, ez barrutik; SNEn sartzea, momentuz 2016an aurrera doazen fraudezko dirulaguntza hauek legitimatzea izango litzateke”.