EAEko Justizia Administrazioa

Egoera berehala zuzentzeko eskatu dio ELAk Lakuari, greba egun arrakastatsuan

2023/04/19
Egoera berehala zuzentzeko eskatu dio ELAk Lakuari, greba egun arrakastatsuan
Eusko Jaurlaritzaren diskriminazioa aspalditik ari dira salatzen plantillak. Zenbait bulegoetan % 90eko jarraipena izan du mobilizazioak.

ELAk oso positibotzat jo du EAEko Justizia Administrazioan greba egunak izandako babesa. Sindikatuak egoera baliatu du Lakuari konponbidea eskatzeko, Gasteizek baitauka beharrezko eskumena plantillek bizi duten diskriminazio egoerarekin bukatzeko.

Jarraipen handia izan du grebak Barruti Judizial guztietan. Gernikako eta Durangoko bulegoetan, adibidez, ia % 90era heldu da atxikimendua. Donostian, langileen % 60 inguruk egin dute greba, Bilbon % 50ek eta Gasteizen % 30ek.

Hurrengoak dira sektorearen eskakizun historiko nagusiak: ordainsariak Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorrekoekin parekatzea, erretiroaren inguruko neurriak eta Genero Indarkeriaren Epaitegietako plantillentzako osagarri bat. Lakuak dauka hiru gai horien eskumena.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio diskriminazio horrekin amaitzeko eta langileen aldarrikapen historikoei modu positiboan erantzuteko. Halaber, dei egin die sindikatuak langileei datozen greba egun eta mobilizazioekin bat egiteko, Estatu espainiarrean negoziatzen dena negoziatzen dela ere.