Desenpleguaren beherakada, baina krisiaren aurreko mailatik urrun
Aurreko hilabeteetan ez bezala, desenpleguaren jaitsierak bi lurraldeetan izan du eragina. EAEn 3.039 (-% 2,34) pertsonatan murriztu den bitartean; Nafarroan, aurten, bigarrenez jaitsi da desenplegu kopurua, oraingoan 742 pertsonatan (-% 1,75). Sektoreei erreparatuz, termino erlatiboetan, desenplegua industrian murriztu da gehien, 696 desenplegatu gutxiagorekin (-% 3,4); ondoren nekazaritzan %3,3; gero zerbitzuetan 2.795 (- %2,4); eta azkenik eraikuntzan 207 (- %2). Datuek hobera egin duten arren, industriak eta zerbitzuen sektoreak bultzatuta, sektore horiek pasa den urteko otsaileko mailatik urrun jarraitzen dute.
2021eko otsailari dagokionez, pandemia hasi aurreko hilabetea, datuak ez dira positiboak, oraindik oso urrun jarraitzen baitugu. Espainiako lan Ministerioak emandako datuen arabera, desenpleguaren igoera hilabete horrekiko % 11,5ean kokatzen da, horrek esan nahi du 17.513 pertsona gehiago daudela enplegu gabe Hego Euskal Herrian.
Bestalde, gazteen desenpleguak behera egin du 228 pertsonatan, hau da, % 1,4; hala ere, desenplegu maila iazko apirilekoa baino handiagoa izaten jarraitzen du. Zifra horiek ez dute gazteak bizitzen ari diren egiturazko arazoa konpontzen, prekarietatearen arazoari 15.968 pertsonari eragiten dien desenplegua gehitu behar zaio; horrek suposatzen du gazteen langabezia % 35,2 igo dela iazko otsailetik hona.
Propaganda gorabehera, SEPEk argitaratutako datuek erakusten dute desenpleguan izena emanda dauden 90.000 pertsona baino gehiagok ez dutela inolako prestaziorik jaso martxoan (% 54). Eta % 26,7k soilik kobratu zuen kotizaziopeko langabezia saria (45.018 pertsona).
Egoera honen aurrean eta ziurgabetasun-testuinguru honetan, ELAk lan-erreformaren erabateko indargabetzea exijitzen du, funtsezko gaia baita langileriaren baldintzak hobetzeko. Era berean, ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzak erantzukizun zuzena duela enpleguaren egungo egoeran. Pandemiaren aurreko hilabeteekin alderatuta langabeziak gora egin duela ikusita, gazteen egoera oso larria izanik, eta kaleratze masiboen ondorioen aurrean, Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratu du. ELAk beharrezkotzat jotzen du enplegua sortzeko estrategia bat, langile publikoak finkatzetik hasita; beste enplegu-politika bat, produkzio-eredua aldatuko duena eta langileen eskubideak erdigunean jarriko dituena.