Gipuzkoako zahar etxeetako hitzarmen berria negoziatzeko mahia ez zen eratu
ELAk Lan Ordezkaritzaren ziurtagiriak aurkeztu ditu, baita ordezkaritza sindikaleko portzentajeak ere, eta negoziazio-mahaira ELAren izenean joango diren ordezkariak izendatu ditu. Nabarmena izan da ELAk langileen ordezkaritzan izan duen gorakada, mantendu eta hobetu baitu azken lau urteotan izan duen erabateko gehiengoa.
Langileen ordezkaritzaren aldetik, ELAk 7 ordezkari izango ditu, guztira diren 11etatik, LABek 2 ordezkari, eta UGTk eta CCOOek ordezkari bana.
Datu horietan islatzen da zahar-etxeetako langileen aitorpena, ELAko militanteek azken bi hamarkadetan egindako lan eskergagatik, eta ELAren estrategiagatik. Izan ere, ELAk enpresa-hitzarmenak eta itun blindatuak sustatu ditu, sektore-hitzarmen baten proposamenarekin batera; baina ADEGI-CEOE patronalak ez du onartu nahi izan, ez 2013an, ezta 2015ean ere.
Oraingo sektore-mahaia ez da eratu enpresarien ordezkaritzan sortu diren desadostasunengatik. Ordubete baino gehiagoko etenaldia egin ondoren, patronalak jakinarazi digu ez dela akordiorik lortu, elkarte patronal bakoitzak izan behar duen ordezkaritza zehaztean.
ELAn kezkati agertu gara patronalen artean akordiorik lortu ez izateagatik. Eta jakinarazi diegu guk errespetatu eta onartuko dugula elkarte patronal guztiek izendaturiko ordezkaritza, eta ez garela izango ez arbitro, ez epaile, prozesu horretan; baina elkarrekikotasunez errespetu hori bera espero dugula gehiengo sindikalekiko, patronalaren aldetik. ELAk gaurko bilera bertan behera uztea onartu zuen atzo, eta mahaiko hurrengo bilerara 2017ko urtarrilaren 12an, osteguna, egitea; patronalen aldetik ordezkaritzari buruzko akordio bateratua ekarriko dutelako hitza eman baitute.