Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk bizkarra eman diete azaroaren 11ko Greba Orokorraren aldarrikapenei
Maria Chivite buru duten gobernuen eta EH Bilduren arteko zortzigarren aurrekontu akordioak Nafarroako arazo sozial nagusiei aurre egin gabe jarraitzen du. 2027rako itunak zenbait neurri positibo jasotzen ditu, hala nola pentsioetarako aurreikusitako gutxieneko errentaren igoera (nahiz eta aurreikusten den eragina ez den zehazten) edo D ereduaren hedapena. Hala ere, neurri gehienak asmo-adierazpen hutsak dira, eta azterlanak, ebaluazioak eta geroko negoziazioak egitera mugatzen dira, finantzaketarik, eperik eta konpromiso zehatzik gabe.
Etxebizitzari dagokionez, akordioak ez du finantzaketa publikoa handitzen, aurrekontu osoaren % 1,6 baino ez da etxebizitzara bideratzen. Era berean, Gobernuak ez du helbururik zehazten, ezta aurretik indarrean zeudenetatik harago kaleratzeen aurkako babes-mekanismorik ezartzen ere. Akordio honek ez ditu azaroaren 11ko Greba Orokorraren deialdia eragin duten aldarrikapenak jasotzen.
Sakoneko zerga erreformari uko egin zaio, eta ez zaie aurre egiten errenta altuei, ondare handiei, enpresen mozkinei edo kapital errenten pribilegioei. Gainera, Nafarroako Gobernuarekin adostutako itunetik kanpo edozein zerga erreforma egiteko aukera ixten da.
Adostutako konpromiso nagusiei dagokienez, zehaztasunik gabeko neurriak direla nabarmendu behar da. Osasungintzan eta hezkuntzan baliabideak handitzea, ratioak berrikustea eta arreta hobetzea iragarri da, baina ez dira zehaztu langile kopuruak, finantzaketa edo egutegiak. Era berean, akordioak ez die irtenbiderik ematen Nafarroako Gobernuaren menpe dauden lan gatazkei, ezta administrazio publikoko langileen lan baldintzak hobetzeko benetako konpromisorik ere. Lan osasunaren arloan, berriz ere lan istripuen aurkako plan berri bat proposatu da, prebentziorako eta ikuskaritzarako baliabide gehiago bermatu gabe.
ELArentzat, zortzi aurrekontu akordio hauen balantzea negatiboa da, aurrekontu eta zerga-politikak ia ez baitira aldatu, eta behar sozialei erantzun gabe jarraitzen baitzaie, etxebizitzaren arazoarekin edo osasun publikoaren narriadurarekin gertatzen den bezala. Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk zortzi aukera izan dituzte egiturazko aldaketak bultzatzeko, baina beste behin ere jarraitutasunaren alde egin dute.