ELAk lortu du Eusko Jaurlaritzatik 200.000 euro itzultzea justiziako pertsonalari, baja medikoengatik bidegabe deskontatuak
Murrizketa-zurrunbiloaren erdian Patxi Lopezen garaiko Eusko Jaurlaritzak 2012an erabaki zuen ez osatzea %100eraino Justizia Administrazioko karrera-pertsonalaren soldata, 6 hilabetetik gorako bajetan. Eta gainera ordurako ordaindurik zegoena, horrelako bajetan, erreklamatu zitzaien. Batzuetan, hainbat hilabetetako diferentziak metatu zirenez, erreklamazioak milaka eurokoak izan ziren, eta gertaera izugarriak bizi behar izan zituzten langile haiek. Izan ere, gaixotasuna ez ezik (minbizia, depresioa...), enplegatzailearen zigorra pairatu behar izan zuten.
Hurrengo gobernuak (EAJ/Urkullu) jokabide berari eutsi zion. Jokabide bidegabea, langile gaixoak hartzen zituelako eraginpean; jokabide diskriminatzailea, EAEko herri-langile bakarrak zirelako; eta jokabide legez kontrakoa, Eusko Jaurlaritzak berak emandako arauen kontra zihoalako.
ELAk bide guztiak agortu ondoren, auzitara jo zuen. Eta arrazoia eman digute epaitegietan orain dela zenbait hilabete. ELAko afiliatu bati aldeko epaia eman ostean, ondorio-luzapenak aitortu zitzaizkien beste afiliatu batzuei, eta azkenean Eusko Jaurlaritzak zuzendu behar izan du.
Horri esker, Herri Administrazioa eta Justizia Saila diru-kopuruak itzultzen hasi da 2015eko apirilaren nominetan eraginpeko langileen alde. Zordunduriko diru-kopurua, Justizia Administrazioko zuzendari Jon Uriarte Unzaluk 2014ko maiatzean sindikatuekin egindako bileran aitortu zuenez, “200.000 euro ingurukoa” da.