GIPUZKOAKO AUZITEGIETAKO GARBIKETA

ELAk hitzarmen berria lortu du soldata arrakala murriztu eta kontziliazioa hobetuko duena

ELAk hitzarmen berria lortu du soldata arrakala murriztu eta kontziliazioa hobetuko duena
2021etik sinatu gabe zegoen hitzarmena berrituko du ELAk Serveo Facility Management enpresarekin lortutako aurreakordioarekin.

ELAk aurreakordioa sinatu du Serveo Facility Management enpresarekin, Gipuzkoako justizia eraikinetako garbiketa zerbitzuko azpikontratatutako 40 langileentzat, gehienak emakumeak. 2024tik 2027ra bitarteko indarraldia izango du akordioak, eta %18,2ko soldata igoera metatua eta lizentzien inguruko hobekuntzak jasotzen ditu.

Hitzarmena 2021etik zegoen sinatu gabe, eta aurreakordioarekin amaitu da negoziazio prozesu luzea. Soldata igoerak mailaka aplikatuko dira: %4 2024an, %4,5 2025ean, %4,7 2026an eta %5 2027an. ELAren arabera, igoerek aurrerapauso garrantzitsua ekarriko dute soldata arrakala murrizteko. 

Gainera, kontziliazioa errazteko lizentziak ere hobetuko dira. Besteak beste, irakasleekin bilerak egiteko baimena, migratzaileek beren egoera administratiboa erregularizatzeko behar dituzten izapideak egiteko baimena eta mediku espezialisten kontsultetara joateko behar den denbora aurreikusten ditu akordioak.

Akordioak, halaber, inaplikazio klausula eta ultraaktibitate klausula jasoko ditu. Hala, hitzarmena ezingo da alde bakarrez ez aplikatu, eta beste hitzarmen bat sinatzen ez bada, indarrean dagoen hitzarmena aplikatzen jarraituko dela bermatuko da.