Ezegonkortasunak eta inkonpatibilitate legeak prekarietatera kondenatzen ditu Nafarroan Goi eta Erdi mailako Kontserbatorioko langileak

2016/09/15
Goi mailako Kontserbatorioan langileen %65a baino gehiago interinoa da, eta Erdi mailako Kontserbatorioan %52a. Langile interino horietatik %54k soilik dauka lanaldi osoko kontratua, %27,6a lanaldi erdira ere ez da iristen.

ELAk beste behin ere salatzen du Nafarroako Goi eta Erdi mailako Kontserbatorioko langileek bizi duten prekarietate egoera larria. Goi mailako Kontserbatorioan langileen %65a baino gehiago interinoa da, eta Erdi mailako Kontserbatorioan %52a. Langile interino horietatik %54k soilik dauka lanaldi osoko kontratua, %27,6a lanaldi erdira ere ez da iristen (2,3,5,7... orduko kontratuak dituzte).

Errealitate hau ez da berria tamalez, eta ondorioak ongi ezagunak dira.

Iazko ikasturtean Departamentuko Prebentzio Zerbitzuak arrisku psikosozialen ebaluazio txosten bat aurkeztu zuen Goi mailako Kontserbatorioan. Txostenaren arabera, langileen ezegonkortasuna da bertako arriskurik handiena, oso modu ezkorrean eragiten baitu langileen osasun eta lan giroan. Ez dugu ahaztu behar azken 25 urteotan ez dela oposaketarik deitu eta interinoen zerrenden kudeaketa arbitrarioki aldatzen joan dela, beste egoera salagarri batzuen artean.

Egoera hau are larriagoa bilakatzen da horrelako lanaldi murriztuak dituzten langileen kasuan. 251/1993 Lege Foru Dekretuaren arabera, beren lanaldia beste kontratu publiko batekin osatzeko ezintasuna dute langileek. Konpatibilitatea eskatu izan dutenetan Giza Baliabide Zerbitzuak ukatu egin izan die azken urteetan, garai batean onartzen zitzaien arren. Nor bizi daiteke 2 orduko kontratu batekin (243,4 € hilean) baldin eta beste zentro publiko batean klasea ematea debekaturik baduzu?

Bada garaia Hezkuntza Departamentuak behar diren baliabideak jar ditzan bere langileen lan baldintza duinak bermatu eta horrelako egoera bidegabeekin bukatzeko.