ELAk salatu du langileen osasuna babesteko baliabide falta dagoela
Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko Oinarrizko Prebentzio Unitateak bi urte daramatza langile faltarekin eta absentziak bete gabe. 6.700 langile baino gehiago dituen ESIan, laneko medikuntzako lau mediku espezialista lanpostu daude unitateko jarduera osoari erantzuteko. Azken asteetan, egoera larriagotu egin da.
Gaur egun, unitateko zuzendaritza hutsik dago, eta aurreikusitako lau lanpostuetatik medikuntza espezialista bakarra dago lanean. Gainera, profesional horren oporraldiak, baimenak, lizentziak eta bestelako absentziak ez dira ordezkatzen; horren ondorioz, egun batzuetan ez dago medikurik Prebentzioko Oinarrizko Unitatean.
Egoera horrek ondorio zuzenak ditu langileengan: ez dira osasun-azterketak egiten, eta haurdun dauden langileen lanpostuetako arriskuen ebaluazioak atzeratzen dira, besteak beste. Aldi berean, administrazioko langileek eta prebentzio-teknikariek lan-karga handia dute, eta langileen tentsioari eta haserreari aurre egin behar diete. Horrek beren arrisku psikosozialetan ere eragiten du.
ELAk urteak daramatza Osakidetzan lan-osasuna babesteko baliabide falta salatzen. ESIetako Oinarrizko Prebentzio Unitateek langile gutxiegi dituzte, eta ez dira betetzen hutsik dauden lanpostuak, oporraldiak, baimenak eta bestelako absentziak. Osakidetzan, 46.000 langile baino gehiago artatzeko, laneko medikuntzako mediku espezialisten 36 lanpostu baino ez daude aurreikusita.
Beste sindikatu batzuekin batera abiatutako mobilizazio eta greben barruan, ELAk lan-kargak eta arrisku psikosozialak murrizteko neurriak eskatzen ditu. Horretarako, plantillak handitzea eta absentziak lehen egunetik ordezkatzea aldarrikatzen du, baita prebentzio-zerbitzuetan ere.