Rana Plaza gogoan

2026/04/24
Rana Plaza gogoan
Emakume Mundu Martxa
2013ko apirilaren 24ean, Bangladesheko Rana Plaza izenez ezaguna zen industria-eraikina erauzi zen. Obra-hondakinen artean harrapatuta geratzearen ondorioz, 1100 pertsona hil ziren eta 2500 inguru zauritu ziren, ia denak bertan lanean ari ziren emakume izan ziren.

Bertan gertatutakoa ez zen istripu bat izan, aurrez iragarritako sarraskia baizik. Lantegiko jabeek bazekiten eraikinaren egoerak ez zuela bertan lan egiteko baldintzarik betetzen, tartean, eraikinean apirilaren 24a baino lehen agertutako arrakala eta pitzadura nabarmenengatik. Hala ere, eraikinaren jabeek langileak lanera joatera behartu zituzten langileek bizi zuten esplotazio egoera agerian utziz. Eta horren zergatia argia da: bizi garen sistema honek, kapitalismoan, heteropatriarkatuan eta kolonialismoan oinarritzen den jendarte-egitura honek, emakumeon* gorputzak eta bizitzak behar ditu berau iraunarazteko, haien izerdiaz ehundutako arropa merkeak mendebaldeko dendak betetzen dituzten bitartean.

Egungo ehungintza industria globala, emakumeen* lan prekarioan eta esplotazioan oinarritzen da, are gehiago hego globaleko lurraldeen eta bertako emakumeen* esplotazioan; lan baldintza duinik gabe, soldata baxuekin, lanaldi amaigabeekin, segurtasuna bermatu gabe eta noski, lan osasunean inongo bermerik gabe.

Bangladeshko gertakari latz hark, zoritxarrez, gaurkotasun handia du. Izan ere, kontsumo eredu basati batean bizi da gure gizartea, eta hori ez da kasualitate hutsa, era interesatuan antolatzen den egitura oso baten ondorio baizik. Gutxi batzuen aberastasuna eta kapital metaketa beste askoren pobrezian eta esplotazioan sostengatzen da, eta batez ere, emakumeon* gaineko esplotazioan. Are gehiago emakume migratu eta arrazializatuenetan nahiz hego globaleko emakume* langileetan.

Mundu mailan ematen diren gerren eta botere logiken isla bat da Rana Plazan gertatu zena. Emakumeon* gorputzetan aplikatzen den indarkeriak hartzen duen forma bat gehiago. Sistematikoki jasaten ditugun indarkeria forma guztien artean bat gehiago. Gorputz eta lurralde bakoitzean indarkeriak askotariko formetan lurreratzen dira, eta horiek guztiek bizi garen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazista sostengatzen dute.

Aipaturiko guztiagatik, Euskal Herritik, gaur bezalako egun batez, memoria ariketa egitea ez da soilik gertatutakoa gogora ekartzea. Sarraskiaren erantzuleak interpelatzen jarraitu behar dugu, Rana Plazako gertaerarekiko, baina baita egun sostengatzen jarraitzen duten sistemaren mesedetan martxan dauden esplotazio mekanismo eta tresna oro salatzeko ere. Bizi garen lurralde honetako instituzio eta gobernuetatik hasita.

Bestetik, norbanako nahiz kolektibo gisa ditugun ardurak ere hartu behar ditugu, esplotazioaren kate globalean okupatzen dugun lekuaz jabetu behar gara, eta kontsumitzaile gisa ditugun praktikak aldatzeko urratsak eman behar ditugu. Noiz, nola eta non erosten dugun erreparatuz, adibidez.

Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, gaur bezalako egun batez, gertatutakoa ez ahazteko deia egiten dugu, memoria kolektiboa osatzeko eta gertaera hura ahanzturan ez geratzeko. Memoria borrokarako tresna dugu, iraganera begiratzeak etorkizuna eraikitzeko bidea erakus dezakelako, indarkeriarik gabeko bizitzen alde.

RANA PLAZA GOGOAN.

GORA BORROKA FEMINISTA!